Gabonetako kontzertua EMKE Bandaren eskutik, larunbatean
Larunbatean izango da, 19:00etan Koldo Mitxelena ikastetxeko jolastoki estalian.
Gabonetako kontzertua eskainiko du larunbatean, hilak 20, EMKEren Musika Bandak, eta horrekin denboraldiari ginga jarriko dio. Arratsaldez izango da emanaldia, 19:00etan, Koldo Mitxelena ikastetxearen jolastoki estalian. Zuzendari, Aitor Mitxelena Rubio ariko da.
Denboraldiaren balorazio positiboa egin du EMKEren zuzendaritza tekniko eta artistikoak: “Aurtengoa denboraldi berezia izan da elkartearentzat eta musika bandarentzat. Exijentzia handiko kontzertu eta jarduerez beteriko denboraldia izan da, eta aurreikuspen guztiak gainditu dituena. Ildo nagusietan sakontzen jarraitu nahi dugu, proposamen eszenikoak berritzen, eragile eta diziplina anitzen arteko sinergiak sustatzen”.
Larunbateko kontzertuari begira bi zatitan bereizitako emanaldia ondu du musika bandak. Lehen zatian, euskal Gabon doinuak bilduko dituzte; bigarren zatian, berriz, swing doinuak izango dira nagusi. Urteari agur esango dio bandak gabon kantuekin. Eta urtea bukatu bezala hasiko dute berria. Lehen hitzordua urtarrilaren 6an egin du bandak. Eguberri zoriontsua opa egitearekin batera, Gabonetako kontzertura deitu ditu musika bandak herritarrak, “bertan izango gaituzue zain”.
