HAPOaren aldaketa "berehala" aktibatzea galdegin dio PSE-EEk EH Bilduri
Eusko Jaurlaritzak Topoaren kotxetegietan etxebizitzak eraikitzeko proposamenarekin lotuta egin du eskaera PSE-EEk.
Errenteriako alderdi sozialistako hainbat ordezkari Denis Itxaso Etxebizitza sailburuarekin bilduta. Argazkia: PSE-EE Topoaren kotxetegietan alokairu publikoko 170 eta 200 etxebizitza artean eraikitzeko proposamenaren berri eman du gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agendaren sailak. Errenteriako alderdi sozialistak “oso modu positiboan” hartu du proposamen hori; kotxetegiena egun erabili gabeko eremua dela, eta hiri aprobetxamendurik gabekoa adierazi dute sozialistek.
Proiektu hori “aukera historikotzat” jo dute udalerriak bizi duen etxebizitza larrialdiari aurre egiteko, baita “degradatutako” eremu bat leheneratzeko ere: “Proposamen serioa, anbiziotsua eta bideragarria da. Eusko Jaurlaritzak egitateekin erantzun dio udalerriaren benetako beharrari, eta orain udalari dagokio arduraz jokatzea etxebizitza horiek lehenbailehen egi bihur daitezen”.
Denis Itxaso sailburuak gaur aurkeztutako proposamena azken hilabetetan Errenteriako sozialistek egindako lanaren emaitza dela adierazi du bestalde, Isaac Palencia bozeramaleak, “etxebizitzak eraikitzea ez da bizitegi arazoari irtenbidea emateko bide bakarra, baina bai oinarrizkoena eta urgenteena, areago alokairu prezio ikaragarriak eta eskaintza ezdeusa dituen tenkatutako eremu izendatutako udalerri batean”.
Udalari “alternatibarik” ez eskaintzea egotzi dio Palenciak etxebizitzaren arazoari erantzuteko, “beste erakund ebatzuk proposamenak mahai gainean jartzen dituzten bitartean, udalak erabakiak hartu gabe jarraitzen du”.
Bukatzeko HAPO Hiri Antolamendu Plan Orokorraren egokitzeko lanak lehenbailehen hastea galdegin dio udalari, “kotxetegietako proiektua ahalik eta azkarren hasteko moduan izan dadin, Errenteriak aukera galdu ez dadin”.
