PILT eta On, Oarsomusikaren proposamena urtarrilerako
Urtarrilaren 17an izango da kontzertua Niessen kulturgunean; sarrerak 12 euroan dira salgai.
On taldea ariko da PI LT-rekin batera.On taldea PILT mungiarrak eta On donostiarrak Niesen Kulturguneko oholtza gainera igoko dira urtarrilaren 17an. Oarsomusikak antolatutako emanaldia da, eta sarrerak salgai dira 12 euroan (klik hemen).
PILT talde mungiarrak, 1990. hamarkada hasieran Rafa Ruedak, Aitor Abiok, Xanpek, Txarlie Solanok eta David Gonzalezek sortua, sona handiko ibilbidea jorratu zuen hamar urtean. Hamaika entsegu eta kontzertu kopuru zenbatezinen fruitu bost disko luzeko uzta sendoa utzi zuen, estilo eta sonoritate anitz maisuki uztartuta. 2006an taldea desegin zen 2017an berriz bueltatu zen, oraingoan boskote moduan taldean parte hartutako kide guztiak taula gainean bilduta. Itzulera horretan kontzertu gutxi batzuk baino ez zituzten eman aretoak lepo bete zituzten hasierako jarraitzaileen poza eta gozamenerako.
Balak airean PI L.T. taldearen 20 urteko geldialdi baten ostean kaleratuko duen lehen kantu bilduma da. Indarra, melodia, sendotasuna, eklektikotasuna eta jakin mina batu dituzte lanera.
Itsaso Gutierrez Retolaza musikariak (Jauko Barik, Keike, eta Xarma taldeetan aritua) sortutako proiektua da ON Taldea; 2012ko martxoan jaio zen musika proiektua eta oholtza gainean izango da hilaren 17an mungiarrekin kartela osatuta. Taldean hainbat musikari aritu dira urteotan: Denis Alberdi (Keike, Brankan), Ibai Suarez, Ekaitz Vegas, Ekhi Vegas, Maitane Villabona eta Iñaki Goikoetxea.
Taldeak pausaldia egin behar izan zuen, amatasunagatik eta bizitzako hainbat gorabehera beharturik, eta aurten gogotsu eta indartsu itzuli dira musika agertokira, Maialen Urretabizkaia baxuan eta Maialen Arana baterian lagun dituelarik.
Rock melodikotik abiatuta hainbat errotan blaituriko musika jorratzen du talde donostiarrak. Gutierrezen melodiek jendartean dauden hainbat kezkaren inguruko haserrea adierazten dute, emakumearen begiradatik eta kezketatik abiatuta; hala, euskal rockaren munduan maiz abandonaturik dauden hainbat arlori buruz mintzo dira: bulimia, emakumeok jasandako tratu txarrak, edota emakumeek euren bizitza besteen zaintzan galtzeko joeraren inguruan, “emakumeek euskal rock munduan eredu eskasia handia dutela agerian da, eta talde honek hori bera eskaintzen digu. Bere sustraietan badu emakume konpositore, gitarra-elektrikojole, abeslari eta hizki-egilea. Jauko barik taldearen sorreratik, 1998tik, rock munduan aritu dena”.
