Topoaren kotxetegietan 200 etxebizitza publiko eraikitzea proposatu du Eusko Jaurlaritzak
Eragiketarako 33 milioi euro aurreikusi ditu Etxebizitza eta Hiri Agendako sailak; 200 alokairuko etxebizitza babesturen sustapena da proposatu duena.
Proiektuaren irudietako bat.Eusko Jaurlaritza ETS Eusko Trenbide Sarearen erabilerarik gabeko kotxetegietan alokairuko 200 etxebizitza babesturen sustapena bere gain hartzea eskaini dio Eusko Jaurlaritzak Errenteriako Udalari. Prentsa ohar bidez eman du horren berri Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda sailak gaur goizean, eta jakinarazi gaur goizean bertan helarazi diola proposamen hori Denis Itxaso sailburuak Aizpea Otaegi Errenteriako alkateari egindako lan bileran.
Kotxetegien eremua, Eusko Jaurlaritzaren titulartasun publikoko lurzorua dela azaldu du Itxasok, “Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak alokairu publikoko etxebizitza babestuak eraikitzeko eskaini baititu lurzoruak”.
HAPOa aldatu behar
Kotxetegietan proposatu duen bizitegi jarduketa egin ahal izateko HAPO Errenteriako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa egin beharko dela ere aipatu du, “Errenteriak oso lurzoru urri du erabilgarri, eta duen lurzoru apur hori etxebizitzak eraikitzera bideratu behar da lehentasunez”. Inbertsioaren zenbatekoari ere egin dio erreferentzia Itxasok, eta adierazi duenez, 33 milioi euroko diru zatia aurreikusi dute jarduketa horretarako, “udalerrian azken 20 urteetako handiena izango da”.
170 eta 200 etxebizitza babestu bitarte aurreikusi ditu Eusko Jaurlaritzak proposamenean, gehienak bi logelakoak, eta guztiak kanpo espazioarekin eta etxebizitza bakoitzeko aparkaleku eta trasteleku batekin: “Arrazoizko prezioa izango duten alokairu publiko eta babestukoak izango dira”. Espazioaren kalitatea eta ingurunearekiko errespetua “uztartu” nahi duen “geometria modularretik” egin dute proiektua, eta horren giltzarri nagusiak xehetu ditu: topografiara eta desnibeletara egokitzea, eta eraikinak ingurunean duen inpaktu bolumetrikoa murriztea; inguruko eraikinekin bat egitea, haien altuera gainditu gabe, eta egungo kotxetegien eraikinarekiko erretiratzea, Gaztaño auzoko etxebizitzak kontuan izanik; patio-parke motako barne espazio irekia sortzea, barne zirkulazioa antolatuko duena eta erdisotoko aparkalekuaren aireztapen eta argiztapen naturala ahalbidetuko duena; hiri konektagarritasuna hobetzea, Pablo Iglesias etorbidearen, ETSren geltokiko ingurunearen, eta Gaztaño auzoaren arteko konexioaren bitartez ,eta eremuaren eta hiriaren arteko integrazioa indartzearen bitartez; eta eraikuntza industrializatu bidez egikaritzea, epeak laburtu daitezen eta jasangarritasunaren eta zirkulartasunaren kontrola hobetu dadin.
Bizitegi jarduketa egiteko 3 eta 5 urte arteko epeak aurreikusi dituzte, eta gaur aurkeztutakoa azken 20 urteetan Errenteria-Oreretan garatu den anbizio handieneko etxebizitza publikoko proiektua dela nabarmen jarri. Ondoren, gogora ekarri ditu Itxasok udalerrian aurretik egindako jarduketak: babes ofizialeko 120 etxebizitza eta 24 etxebizitza sozial Lartzabal-Arraguan 2006tik 2008ra bitartean; 51 zuzkidura-bizitoki Arramendiko 36. sektorean 2021ean; eta 2022ko iraileko hitzarmenaren ondorioz gaur egun abian den Esnabideko 27 etxebizitza sozialeko sustapena (sustapen horren behin-behineko kalifikazioa abenduan tramitatuko da, eta obra-lizentziaren eskaera 2026ko urtarrilean egitea aurreikusten da). Horri guztiari batzen zaizkio Visesak Altzaten egindako sustapena (40 eta 45 etxebizitza babestu artean, eremu tentsionatuarekin lotzen den Ekintza Planari atxikitako lurzoruan), 2025eko urrian Pontikan 18 etxebizitza babestu erosteko iragarkia (etxebizitza horiek parke publikoari txertatuko zaizkio eta alokairu babestua mantentzera zuzenduko dira) eta Beraungo 63 etxebizitzaren birgaitze integraleko jarduketak.
Errenteriako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza hitzarmena sinatu zutela 2019an etxebizitza hutsak alokairu babestura bideratzeko gogorarazi du, bestalde, Bizigune (Etxebizitza Hutsen Programa) eta ASAP programen bidez. Akordioak koordinaziorako eta rol-banaketarako esparrua finkatzen du: “Testuinguru horretan, Errenteriak 92 etxebizitza ditu gaur egun Bizigunen, eta lankidetza sendotzen du, udalerrian alokairu babestuaren eskaintza handitzeko palanka egonkor gisa”.
Eskaintza horrekin, Eusko Jaurlaritzak berresten du udalerri tentsionatuei benetako ekintza-ahalmena emateko borondatea esan du azkenik sailburuak, “betiere alokairuko etxebizitza babestuen parkea handitzeko lurzoru publikoa eta inbertsioa mobilizatuta eta zuzenean egikarituta”.
- Proiektuaren irudietako bat.
- Proiektuaren irudietako bat.
- Proiektuaren irudietako bat. Gaztaño
- Proiektuaren irudietako bat, Gaztaño.




