Trafiko aldaketak Antxoko Gabonetako Krosagatik
Hiru urteko hutsunearen ondoren, proba herrikoiaren XII. ekitaldia jokatuko da ostiralean, 20:30etik aurrera. Lasterketak trafiko aldaketak ekarriko ditu barrutira.
Hiru urteko hutsunearen ondoren, bueltan da Antxoko Gabonetako Krosa. Antxotarrak Lasterkari Taldeak antolatuta, proba herrikoiaren XII. ekitaldia izango da. Lasterketa ostiralean (hilaren 19an) izango da, 20:30ean, eta 5,8 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek. Probak 250 lasterkariko kupoa du guztira, eta izena emateko epea irekita dago oraindik Kirolprobak plataforman.
Antxotarrak Lasterkari Taldearentzat “garrantzitsua” da Gabonetako Krosa. Lasterkarien mesederako jarduera izateaz gain, “sekulako” giroa aurreikusi dute antolatzaileek, Eguberrien atarian kirolaz gozatzeko eta korrikalariak animatzeko aukera bikaina baita haien ustez. “Antxo girotzeko eta barrutiari gure ekarpena egiteko modua da krosa”, esan dute sustatzaileek.
Sariei dagokienez, zortzi banatuko dituzte: lehen hiru emakumeei, lehen hiru gizonei, lehen emakume pasaitarrari eta lehen gizon pasaitarrari. Sari banaketa proba bukatu ondoren egingo da, 21:30ak aldera, Gure Zumardian, irteeraren eta helmugaren eremuan.
Lasterketak trafiko aldaketak ekarriko ditu Antxora. Barruti barruko trafikoan eta garajeen sartu irtenetan “eragozpen oso nabarmenak” izango direla jakinarazi du udalak, 20:00etatik 21:15era bitartean. Denbora tarte horretan ibilgailuen erabilera ahalik eta gehien mugatzea aholkatu du Pasaiako Udaltzaingoak. Hori ezin bada egin, ondorengo gomendioak kontuan hartzea eskatu dute: Antxora ezingo da sartu Ibaiondo pilotaleku ondoko sarreratik (Oarso eta Gelasio Aranburu kaleetara doana). Barrutira sartzeko aukera bakarra Eskalantegi kalekoa izango da. Antxotik irteteko aukerak, aldiz, Ibaiondo frontoi ondoko errepidea (tarteka zabalduko dena) eta Maiatzaren Lehena kaleak izango dira.
Lasterketak, gainera, eragina izango du barrutiko zenbait kaletan. Hamarretxeta, Blas de Lezo, Gure Zumardia eta Zumalakarregi kaleak erabat itxira egongo dira. Bertako garajeetara ezingo dira ibilgailuak sartu, ezta horietatik atera ere.
Gelasio Aranburu kalea:
- Luzuriagako aparkalekutik Ibaiondo pilotaleku ondoko biribilgunera egongo da zabalik (txandakako trafikoarekin), herritik ateratzeko noranzko bakarrarekin.
- Oarso kaleko bidegurutzetik Blas de Lezo kalera arteko bidegurutzera itxita egongo da. Bertako garajeetara ezingo dira ibilgailuak sartu, ezta horietatik atera ere.
Eskalantegi kalea:
- Nafarroa etorbideko sarreratik Kupeldegi kalera arte zabalik egongo da.
- Kupeldegi kaletik Molinao alderako zatian, bertako etxeetako garajeetara sartu behar dutenei bakarrik ahalbidetuko zaie sarbidea.
Oarso kalea:
- Eskalantegi kaletik Hamarretxeta kaleko tartera arte zabalik egongo da.
- Hamarretxeta kaletik Gelasio Aranburu arteko tartera arte itxita egongo da. Bertako garajeetara ezingo dira ibilgailuak sartu, ezta horietatik atera ere.
