Hondakin organikoak egoki kudeatzeko kanpaina, martxan
Errenteriako Udalak, Ingurumeneko Aholku Kontseiluaren ekimenez, sentsibilizazio ekintza bat jarri du abian, errefusaren frakzioa murriztu eta hondakin organikoen kudeaketa hobetzeko
Errenteriako Udalak, Ingurumeneko Aholku Kontseiluaren ekimenez, sentsibilizazio ekintza bat jarri du abian, errefusaren frakzioa murriztu eta hondakin organikoen kudeaketa hobetzeko beharrari buruz kontzientziatzeko eta informatzeko. Horretarako, pegatinak jarriko dira errefusaren edukiontzietan, jakinarazteko hondakin organikoak edukiontzi marroian (organikoa) botatzeak, grisean bota beharrean (errefusa), onura ekologikoak ez ezik, ekonomikoak ere badakartzala.
Errenteriako Udalaren Ingurumeneko Aholku Kontseiluan parte hartzen duten erakunde zein partikularren eta auzo elkarteen eta Eguzki talde ekologistaren arteko lankidetzatik sortu da iniziatiba eta horren berri emateko agerraldia egin dute gaur.
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak emandako 2025 urteko datuen arabera, errefusa tona bat kudeatzeak 222,64 euro balio du, eta organikoarena 178,11 eurokoa da: “Kostu alde hori beste argudio bat da etxeetan hondakin organikoak behar bezala kudeatzeko beharraz gehiago jabetzeko. Ohitura hori kontsumoa murrizteko ohiturei eta objektuei bigarren bizitza bat emateko horiek berrerabili eta birziklatzeko ohiturei gehitzen zaio”.
Gainera, eta Gabonak gertu daudenez, beste urrats bat ematea proposatu diete herritarrei, beraiek egin beharreko kudeaketan, hondakinen sorrera murriztea aurreikusiz eta sustatuz, eta eta egoki kudeatuz.
Bestalde, organikoaren edukiontzia egoki erabiltzen jarraitzeko deia egin diete herritarrei. Hori horrela, poltsa konpostagarriak erabili behar direla gogorarazi dute, eta ez plastikozkoak. Izan ere, ohiko akats bat da poltsa desegokiak erabiltzea, plastikozkoak, organikoaren edukiontzian, material hori ez baita konpostagarria eta harekin batera doan materia organikoa kutsatzen baitu, errefusaren materiaren bolumena handituz.
Hondakin organiko hori kudeatzeko poltsak udalak ematen ditu, doan, zazpi makina banatzailetan, Erdialdeko eta Aldakoneako udal bulegoetan eta Kaputxinoak, Iztieta, Galtzaraborda, Agustinak eta Fanderia auzoetan. Poltsok edukiontzi marroiak irekitzen dituen txartel bera erabiliz jaso daitezke. Txartela galdu edo apurtuz gero, kopia bat eska daiteke ZU! Herritarren Arretarako Zerbitzuan.
Ingurumeneko Aholku Kontseiluak organikoaren frakzioa behar bezala bereizteak etxeko hondakinen kudeaketa tasan eragina duela gogorarazi du, gainera, “biohondakinak edukiontzi marroira botatzeko irekieren araberako hobari bat jaso daitekeelako: % 27koa urtean 40 irekiera edo gehiago egiten dituztenentzat, eta % 10ekoa 10 eta 39 irekiera bitartean egiten dituztenentzat”.
