Lanbarren eta Gaintxurizketa lotzeko oinezkoen eta bizikleten bidea, azken fasean
Zehazki, 107 poligonoaren eta Errekalde hotelaren arteko zatia egiteari ekin diote, udan hasitako lanei (Lanbarren eta 107 poligonoaren artekoa) jarraipena emateko.
Mikel Arruti alkatea, aldundiko ordezkariekin batera Gaintxurizketako lanetan. Berritasunak Gaintxurizketan Gi-636 errepidearen ingurua oinezkoentzako eta bizikletentzako seguruago izateko bidean. Lanbarren eta Gaintxurizketa lotzen dituen oinezkoentzako eta bizikletentzako bidea egiteko azken zatiko lanak hasi dituzte. Zehazki, 107 poligonoaren eta Errekalde hotelaren arteko zatia egiteari ekin diote, udan hasitako lanei (Lanbarren eta 107 poligonoaren artekoa) jarraipena emateko. 255.695 euroko kostua dute abiatu berri diren lanek, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez.
Zonaldera bisita egin dute gaur Mikel Arruti alkateak eta Felix Urkola aldundiko Bide Azpiegitura eta Lurralde Estrategia diputatuak. Jakinarazi dute alde batetik, lanen azen fase horretan, Errekalde hoteletik Salva enpresarainoko tartean irisgarritasuna hobetuko dela, arrapala bat jarriz; handik aurrera, bi metro zabaleko oinezkoentzako ibilbidea egingo da. Lanak egitean, seguru joan ahal izango dira oinezkoak zein txirrindulariak Gaintxurizketatik Lanbarreneraino; aldundiak adierazi du oinezkoen nahiz bizikleten bidea Lintzirineraino luzatzeko asmoa duela.
Aldi berean, aldundiak adierazi du GI-636 errepidea Gaintxurizketako gainetik gurutzatzeko behin betiko oinezkoentzako pasabidea eraikitzeko prozesua aurrera doala (egun behin-behineko pasabidea dago jarrita). Proiektu hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Lezoko Udalaren eta Euskal Trenbide Sarearen (ETS) arteko lankidetza hitzarmenaren bitartez garatuko da. “Azken izapide hori osatu ondoren, ETSk onartzea besterik ez da falta. Aldundiak proiektua berehala lizitatzea aurreikusi du, 2026an zehar idatzi ahal izateko”, esan du Urkolak.
