Lezoko eta Antxoko anbulatorio berriak, eta Iztietakoaren eraberritzea, Jaurlaritzaren 2025-2032 planean
"Osasun sistema indartzeko asmoarekin", Eusko Jaurlaritzak 1.600 milioi euroko inbertsio programa iragarri du 2025-2032 epealdirako
Lezon, Aralar kaleko orubean dago aurreikusia egitea anbulatorio berria. “Osasun sistema indartzeko asmoarekin”, Eusko Jaurlaritzak 1.600 milioi euroko inbertsio programa iragarri du 2025-2032 epealdirako. Azpiegitura eta ekipamendu sanitarioak indartzeko plana da. Bizkai, Araba eta Gipuzkoako ospitaletan nahiz anbulatorioetan hobekuntza eta berritasun nabarmenak iragarrita daude plan horren barruan, 74 jarduketatan banatuta. Oarsoaldeari dagokionez, programan jasota dago Lezoko eta Antxoko anbulatorio berriak egitea, eta Errenteria-Oreretako Iztietakoaren eraberritze integrala egitea.
Epeetara ere eraman du Jaurlaritzak atzo aurkeztutakoa. Antxoko anbulatorio berriaren kasuan (Luzuriaga II eremuan egingo litzateke, han egitekoak diren babespeko etxebizitzen azpialdean) 2030etik aurrera hasiko lirateke eraikitze lanak. Lezorako, berriz, Aralar kaleko orubean egitekoak diren alokairuzko etxebizitza babestuen azpialdean dago proiektatua udalerriko anbulatorio berria egitea, eta horren lanak 2032tik aurrera hasiko direla zehaztu du Jaurlaritzak. Iztietako anbulatorioa erabat berritu nahi du Jaurlaritzak, eta hori egikaritzeko obren epea 2028-2031 artekoa izango dela jakinarazi du.
