50. urteurrenari begira jarri da Pasaia-Lezo Lizeoa
Ikastolaren hilaren 10eko urteko batzarrean, 2025eko jardunaren berri emateaz gainera, 1976an sortutakoari aitortza egiteko bidearen berri eman zuten.
Antxoko Txinparta taldekoak, euren egitasmoaren berri ematen. Hilaren 10ean egin zuen Pasaia-Lezo Lizeoak, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan, urteko batzar orokorra. 2024-2025 ikasturteko balantzeak eta ondorioak aurkeztearekin batera, 2025-2026erako asmoak zerrendatu dituzten ikastolaren gidariek, baita 2025-2029 epealdirako Plan Estrategikoaren berri eman ere. 2026ari begira, ordea, azpimarra nabarmen bat jarri zuten batzarrean: 50 urte beteko ditu ikastolak iristear den urtean. Jada horren gaineko lanketa egiten hezkuntza komunitateko kideez osatutako batzorde bat ari dela jakinarazi zen. 172 bazkidek parte hartu zuten Donibaneko antzokiko batzarrean.
50 urteurrenaren gainekoen azalpenak eman zituzten han. Azaldu zen Lezoko, Donibaneko, San Pedroko, Trintxerpeko eta Antxoko ikastola txikiek, Gaztelutxo elkartearen bitartez, Lizeoa osatu zutela 1976an. “Bideak erakutsi digu bat gehi lau horrek, bost baino gehiago sortu dituela. Elkarrekin ekitearen apologia horregatik, Lizeoaren iragana aitortuz, etorkizuna aldarrikatzeko momentua da. Orduko gurasoei aitortza egin nahi diegu, izandako ausardiagatik, borondategatik eta erakundeak iristen ez ziren tokietara militantziaz iristeagatik. Lizeoaren ekarpena azaleratu nahi dugu, eta urteurrena baliatu eragin hori biderkatzeko, proiektu berriak abian jartzeko, toki berrietara ailegatzeko. Ikastolako kide izatearen harrotasuna indartu, eta badia euskalduntzen jarraitzeko indarberritu. Iritsi da Pasaia-Lezo Lizeoaren 50. urteurrena ospatzeko unea”, esan dute ikastolako arduradunek. Hori guztia komunitatean landu nahi duela azaldu du ikastolak, “eta denon artean elikatu 2026. urtea ekitaldiz blaituko duen egitaraua”.
Gehiagorako eman zuen topaguneak. 2025-2029 epealdiko plan estrategikoaren bost ildo nagusiak euskalduntzea, kalitatezko hezkuntza eskaintzea, komunitatean jardutea, herrigintzan eragitea, eta kudeaketa egokiari eustea izango direla azaldu zuten batzarrean. Gehiengo osoz babestu zuten bazkideek proposatutako plana. Aldi berean, Artezkaritza Kontseilua berritzeko hautuari baiezkoa eman zioten han izan zirenek, ia erabateko adostasunarekin.
Gurasoek eta ikasleek ere hitza hartu zuten hiru egitasmoren berri emateko. Batetik, Antxoko gurasoek Txinparta taldea sortu dutela azaldu zuten, euskararen sustapenari, feminismoari eta herri-ekimenari bide emateko. DBHko lehen mailako ikasleek Hedatzeko Ongi Etorri egitasmoaren gaineko azalpenak eman zituzten; eta Batxilergoko bigarren mailako ikasleek iaz abiatutako soziolinguistika ikerketaren gainekoak xehetu zituzten.
Batzarrean izandakoen berri zehatzago izateko, baliatu esteka hau.
