Gaintxurizketako pasabidea eraikitzeko, beste aurrera pauso bat
Aldundiak Gaintxurizketan behin betiko oinezkoentzako pasabidea eraikitzeko proiektuaren idazketa lizitatu du.
Behin behineko pasabidea, eraiki baino lehen.Gipuzkoako Foru Aldundia Gipuzkoako Foru Aldundiak Gaintxurizketako pasabidea behin betiko eraikitzeko lizitazio idatzia onartu du. Orain arte, iazko ekainean jarri zen behin behineko estruktura izan da bertan, baina proiektua onarturik, pasabide egoki bat ezarriko dute. “Proiektu honek GI-636 errepideko puntu horretan igarobide seguru eta erabat irisgarria jartzea ahalbidetuko du”, azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar bidez.
Foru Aldundiaren, Euskal Trenbide Sarearen eta Lezoko Udalaren arteko lankidetzan sinatu dute lizitazioa. Proiektua idatzi dute, baina oraindik obraren lizitazioa ezartzea falta da. Hiru erakundeek aurreikusten dute urte honetan lizitatuko dela proiektua behin betiko. Pasabidea ez ezik, Gaintxurizketako biribilgunea, La Seta eta Errekalde Hotela lotuko dituen bide bat egitea da proiektuaren xedea. “Honela, Aldundiak urrats sendoak egiten jarraitu nahi du Gaintxurizketako segurtasuna eta mugikortasuna hobetzeko, behin-behineko irtenbideetatik egiturazko eta behin betiko esku-hartzeetara aurrera eginez, langile eta bizilagunentzako joan-etorri seguruak bermatzeko”.
Lintzirineraino
Azken asteetan Gaintxurizketa eta Lanbarren arteko bidea ontzen aritu dira, eta aldundiak adierazi du martxa berean jarraituko dutela. Aurreikusten dute, udaberrirako eraikita egongo dela bide berria, oinezkoek eta txirrindulariek erabili dezaten. Baina proiektua ez da hor amaitzen. Aldundiak bidea Lintzirineraino luzatu nahi du, eta adierazi dute proiektua 2026. urtean garatuko dutela.
“Jarduketa horiek segurtasunaren arloan jada gauzatutakoei gehitzen zaizkie: behin-behineko pasabidea instalatzea, Errekalde Hotelaren eta bidegurutzearen artean argiztapena eta babes hesiak dituen 300 metroko oinezkoen ibilbide bat egokitzea, bi autobus geltoki berri sortzea eta trafikoa baretzeko neurriak hartzea, hala nola abiadura 70 km/h-ra murriztea Altamirako tunelaren eta Gaintxurizketako biribilgunearen artean, seinale horizontal berriak jartzea eta radar pedagogiko bat ezartzea”.
