Gorputzak dantzan eta hizketan jarriko dituzte
Adinekoak erdigunean jarri ditu Eva Guerrero konpainiak 'Hasta el ultimo baile. Memoriaren gorputzak' ikuskizunean. Etzi, igandea, estreinatuko du Niessen kulturgunean.
Eva Guerrero konpainiak igandean emango du lana.DOOS kolektiboa Denboraren joana, gorputzaren eraldaketa prozesua, bidean gelditzen direnak eta horiek eragiten duten absentzia, eta oroitzapenak. Horretaz guztiaz mintzo da Eva Guerrero konpainiaren Hasta el último baile. Memoriaren gorputzak dantza eta antzerki ikuskizuna. Hasta el último baile sorkuntza artistikoaren euskarazko bertsioa da, eta igandean (hilaren 8an) estreinatuko du konpainiak Errenteria-Oreretako Niessen kulturgunean. Badu berezitasunik ikuskizunak, aurretik, bitartekaritza lana egin zuelako konpainiak. Lantaldeak, askotariko profiletako adineko errenteriarrak elkarrizketatu zituen: «Hainbat oroitzapen partekatu zituzten gurekin. Hala nola, dantzarekin lotutako haurtzaroko eta gaztaroko oroitzapenak; une bereziekin lotutako usain eta zaporeak; edota galera eta absentzien gaineko memoria pertsonalak».
Kontaketa pertsonal horietako batzuk presentzia izango dute igandeko estreinaldian, ahotsetako batzuk entzun ahalko direlako Niessen kulturguneko emanaldi horretan.
Ikuskizuna «vintage estetikako» dantza-antzerki lana dela zehaztu du konpainiak. Eva Guerrero zuzendaria lanaren sorreraz mintzatu da. Hala, dantza eta osasuna uztartzen dituen proiektu batean lan egiteko aukera izan zuela azaldu du: «65 urtetik gorako pertsonekin zortzi saio landu nituen, pertsona horiek ezagutzen joan nintzen, gauzak kontatzen zizkidaten eta nik mugimendua beren gorputzetan zein modutan garatzen zen ikusten nuen. Denboraren joanaren gainean pentsatzen hasi nintzen, zahartzearen gainean, metatzen goazen galeren gainean… Hori guztia gure gorputzetik pasatzen da, eta eragina du».
Konpainiaren aurreko lanetan bezala, honetan ere gorpuztasunak presentzia nabarmena duela gaineratu du zuzendariak. «Ahazten badugu ere, gorputza beti dagoelako hor. Protagonista da uneoro denboraren joanaz, esperientzia guztien lekuko, onak eta txarrak biltzen ditu. Nola eragiten digu horrek? Nola aldatzen da gorputza gertatzen zaigunaren arabera? Buruan bueltaka ditudan galderetako batzuk dira horiek». Igandean estreinatuko duten ikuskizunaren atzean, lanketa eta hausnarketa sakona dago, agertokitik harago doan bitartekaritza. Izan ere, argi esan du Guerrerok, ez da izango euren konpainiarentzat eszenatokira igotzera mugatzen dantza ikuskizun bat egitea, «batzen eta hurbiltzen gaituzten bideak aurkitzen saiatzen gara. Lan askoz sakonago bat da».
Parte hartzeko aukera
Erenteria-Oreretan egin moduan, Ana Guerrero konpainiak antzeko bitartekaritza prozesu batean parte hartzeko aukera eskaini die beste herrietako programatzaile eta kultur eragileei: «Solasaldiak antola ditzakegu tokian tokiko adineko taldeekin emanaldia baino aste batzuk lehenago. Ondoren, igandean Niessen kulturgunean gertatuko den moduan, pertsona horiek beren ahotsak entzuteko aukera izango dute herriko antzokian».
Bi hamarkada bete ditu konpainiak, eta aurtengo denboraldia Hasta el último baile obraren estreinaldiarekin hasi du, Bilboko Arriaga Antzokian estreinatu zuen konpainiak joan den azaroan; testuak eta zuzeneko musika biltzen ditu ikuskizunak. Igandean, berriz, horren euskarazko bertsioa den Hasta el último baile. Memoriaren gorputzak ikuskizuna estreinatuko du. Emanaldia 19:00etan hasiko da, eta taula gainean izango dira Aiala Etxegarai koreografoa eta dantzaria, Yolanda Bustillo aktorea, eta Amaia Santamaria musikaria. Sarrerak 9 euroan dira salgai, sarrerak.errenteria.eus-en.
Doos kolektiboko parte
Eva Guerrero konpainia Doos kolektiboko parte da. Dantza ikuskizunak eta proiektu hibridoak ekoizten ditu azken horrek: «Helburua dantza publiko berrietara hurbiltzea da». Guerrerok berak sortzen ditu ikuskizunak, eta Jemina Cano da proiektu hibridoen zuzendaria. Kolektiboak sorkuntza espazio propioa du: Punto de Fuga, «dantzarako oasia Bilbo Zaharrean».
Datozen hilabeteetan Haste el último baile lanarekin Galdakaon, Amurrion, Eibarren eta Leioan arituko da Eva Guerrero konpainia. Hala ere, Gorpuztu, gorpuztu laburra, Tierra de nadie, eta Entre cuerpos ikuskizunak ere eskaintzen dituela jarri du nabarmen.
