Haur eta nerabeen partaidetza sustatzea helburu
Juanba Berasategi aretoak Eskubidean planaren VI. saio bateratua jaso du. Pasaiako hiru ikastetxeetako 115 ikasle udal ordezkariekin bildu dira.
Donibaneko Juanba Berasategi aretoak Eskubidean planaren VI. saio bateratua jaso du. Pasaiako hiru ikastetxeetako 115 haur eta nerabek beren kezkak eta beharrak landu dituzte, eta ikasturtean zehar egingo dituzten proiektuak partekatu dizkiete udal ordezkariei eta langileei. Saioan izan dira La Anunciata, Karmengo Ama eta Pasaia-Lezo Lizeoko 10 eta 16 urteko arteko gazteak, Pasaiako Udaleko hautetsiak eta udal zerbitzuetako hezitzaileak.
Teo Alberro alkateak adierazi du Eskubidean plana “tresnarik indartsuena” dela haur eta nerabeen ahotsa zuzenean entzuteko eta haien nahi eta beharrak udal politiketan txertatzeko: “Plan honen bidez, haur eta nerabeei entzuteaz gain, haiek Pasaiaren oraina eta etorkizuna eraikitzeko eragile aktibo bihurtzen dira. Haien begirada ezinbestekoa da herri justuago, inklusiboago eta hezitzaileago bat eraikitzeko”.
Aldi berean, saio bateratua urteroko “funtsezko” hitzordua dela nabarmendu du alkateak: “Urtero egiten dugun topaketa honek aukera paregabea eskaintzen digu udalaren eta haur eta nerabeen arteko harremana sendotzeko, elkar ezagutzeko eta elkarrekin lan egiteko. Ez da jardunaldi isolatu bat: urte osoko lanari zentzua ematen dion momentu giltzarria da”.
Saio bateratuan “ondo pasatzeko zein elkarlanerako denbora” izan dela jakinarazi du udalak: “Udal politikariekin elkarrizketan aritu dira; mahai gainean jarri dituzte Pasaiako espazio eta konponketa beharrak, eta horietatik lehentasunezkoak eta egingarriak direnak identifikatu dituzte; barrutietako jai egitarauak osatzeko zein ekintzak antolatzeko prest leudekeen adierazi dute; saioaren bideo kronika osatzeko kazetari lanetan aritu dira; eta udalak haur eta gazteei zuzendutako udal zerbitzuak gertutik ezagutu eta euren zalantzak bertako hezitzaileekin partekatzeko aukera izan dute”.
Ikastetxeetako gazteak barrutika elkartu dira. Barruti bakoitzean adinekoei zuzendutako kultur ekintzak antolatzeko helburuarekin, elkarrekin pentsatzen aritu dira. Udal gobernuak, aldiz, barruti bakoitzeko proiektu esanguratsuenak aurkeztu dizkie. Saio bateratuaren ondoren, ikasleek lanean jarraituko dute ikastetxeetan sortuta dituzten taldeetan, parte hartze eskubidea praktikan jarri eta Pasaia hezitzaileagoa elkarrekin eraikitzeko.
