Inauteriak ate joka dira gaztetxean ere
Kontzertuak antolatu dituzte; gaia berriz, politikarien zirkua izango da.
Inauteriak Zabala Enea II Gaztetxera ere helduko dira, hala jakinarazi dute gazte asanblada kideek eta herritarrak bat egitera deitu, gainera. Zirkua bilakatuko da gaztetxea, baina ez ohikoa, politikariak izango baitira zirku horren protagonistak. Zita hilaren 14an jarri dute, baita musikatu ere. Orduan jakingo da geopolitikaz arituko ote diren Gaztañoko eremu autogestionatu horretan, tokikoarekin nahikoa lan izango duten, edota Europako Parlamentuaren epizentro bihurtuko den Zabala Enea.
Batera edo bestera, animazioa bederen ez da faltako. Ttarraka Erromeriak hasiko du kontzertua 23:30ean, eta bi ordu geroago DJ Adarrak hartuko du lekukoa.
