Irtenbide bakarra onartuko dute: topoa lurperatzea
Auzo elkarteek deituta batzarra egin zuten atzo arratsaldean dozenaka eta dozenaka herritarrek Topoarentzat irtenbide integrala bilatzeko.
Jende ugari bertaratu zen atzoko batzarrera. Irtenbide integrala eta kalitatezkoa nahi dute Topoarentzat. Jendetsua oso. Horrelakoa izan da auzo elkarteek deituta Topoarentzat irtenbide integrala bilatzeko bidean egin duten bigarren batzarra. Merkatuzarren egin zuten atzo arratsaldean, eta auzo elkarteetako ordezkariek ETSrekin hilaren 13an izandako bileran hitz egindakoen berri eman zuten. Erdi-erdian da topoaren gaia bizilagunen artean, baita hari irtenbide integral, duina eta kalitatezkoa emateko gogoa ere.
Abenduan egindako bileratik urrats bat aurrera egin zuten atzokoan. ETSrekin elkarrizketaren bidea zabalduta marra gorria jarri dute herritarrek: topoa lurperatzea baino ez dute onartuko, eta hala adierazi diote Eusko Trenbide Sareari. Ez dutela parean horma hertsia aurkitu jakinarazi zuten bizilagunek, eta ETSek aztertu egingo duela esan diela azaldu zuten, “ezetz borobilik ez dugu jaso, eta hori berri ona da. Azterketa egingo dutela agindu digute”. Hala ere adi egotera deitu zuten.
Datuak ere eraman zituzten atzoko bilerara eta topoak egiten duen bidearen bueltan dauden etxebizitzetarako distantzien koadroa aurkeztu zuten auzo elkarteek. Erdialdean jarri zuten fokua, auzo horretan dagoela korapilorik handiena zehaztu zuten, baina Fanderian ere kezka bizia dute auzotarrek ETSk bertan jarri nahi duen azpiestazioarekin. Galtzarabordan ere bizilagunen eskaeretako batzuk aintzat hartu baditu ere ETSk, beste hainbat arlo airean omen direla esan zuten; horrekin ere kezkatuta.
Lanean hasi dira herritarrak eta jakitun dira estu jarraitu behar diotela Topoarekin erabaki eta gertatzen denari, “topoaren lurperatzearen gaineko azterketa ekonomikoa eta bideragarritasun txostena egitea nahi dugu, ez baitugu onartuko lurperatzea ez den beste alternatibarik”. Deia egin zieten bizilagunei mobilizazioetan eta deialdietan parte hartzera, duina eta kalitatezkoa izango den irtenbide integrala bermatzeko.
HITZAk erreportaje nagusia egingo du Topoaren inguruan datorren asteko papereko edizioan.
