Komiki baten sorkuntzaren gakoak hizpide
Amaia Carrerek iazko Nekateonea/Hugoenea literatura sorkuntza egonaldia irabazi zuen, eta bere komiki berria izango du hizpide hilaren 12an, Donibaneko Ubera liburutegian.
Amaia Carrere Baionan jaiotako marrazkilari, ilustratzaile eta komiki egilea da. Nekateonea/Hugoenea literatura sorkuntza egonaldiaren irabazlea izan zen iaz, eta bere lanak egiten aritu zen Hugoenean hainbat egunez.
Sari bezala, euskal mitologiari buruzko komiki bat sortzeko beka bat jaso zuen. Orain, bere hurrengo pausoen berri emango du hilaren 12an (osteguna) Donibaneko Ubera liburutegian, 18:30ean. Carrerek komiki baten sorkuntzaren gakoak emango ditu saio horretan.
Bere azken sorkuntza lana abenturazko komiki bat da, mitologiaren kodeak berreskuratzen dituena. Komiki hori pedagogikoa da, umoretik sortuta, eta ondo dokumentatua, pertsonaien jatorria eta zer sinbolizatzen duten kontatuz. Haur eta nerabeei begirako lan bat ondu du sortzaile baionarrak, euskal mitologia gertutik ezagutu dezaten.
