Urratsa bai, baina erabateko soluzioa ez
Asteartetik da Lezo etxebizitza eremuko udalerri tentsionatu. Alokairuzko merkatuan eragiteko tresnak izango ditu horrela udalak. Baina Mikel Arruti alkateak zehaztu du etxebizitzaren arazoaren erantzunak integrala behar duela izan.
Aralar kalean gazteentzako zuzkidurazko etxebizitzak egiteko obra baimena eskatu du udalean Eusko Jaurlaritzak.Ikerne Zarate Asteartetik da Lezo ofizialki etxebizitza arloko udalerri tentsionatu. Hiru urteko iraupena izango du izendapenak. Hala, Lezoko Udalak lanabesak izango ditu alokairuzko etxebizitzen merkatuan eragiteko: indarrean diren alokairuen urteko igoeran muga bat ezartzeko aukera du, Alokairuen Errebalorizazio Indizearen arabera (gaur egun %2,8 da); alokairu kontratuak beste hiru urtez eta baldintza beretan luzatzeko aukera izango da; eta kontratu berrietan prezioa mugatzeko ahalmena du, eta muga horrek ezin izango du gainditu aurreko azken kontratuaren errenta. «Urrats bat da, baina argi dago horrek ez diola Lezon etxebizitza eskuratzeko den arazoari erabateko konponbidea emango. Tresna bat da, baina ez da soluzio osoa», esan dio Hitza-ri Mikel Arruti alkateak.
Eremu tentsionatu eskaera egiteko hainbat alor landu zituen udalak aurretik. Besteak beste, Lezoko etxebizitzaren egoeraren gaineko diagnostikoa, eta Etxebizitza Plana. Diagnostikoan jasota dago Lezon etxebizitza eskuratzeko 534 eskaera daudela Etxebiden. «Deigarria da 534 horietatik %51,1 udalerritik kanpo erroldatuenak direla. Bi ondorio atera ditugu horretatik: Lezon gutxienez 261 herritar daudela pisu bila, eta bestalde, badagoela herritar multzo bat bere bizitza Lezon egin nahiko lukeena, nahiz eta egun bertan erroldatua ez egon». Hori ulertzeko arrazoia eman du alkateak: Lezo Donostiatik hurbil dela.
Izan ere, Donostian etxebizitzen prezioa oso handia da. Horrek eragin du hainbat donostiarrek alboko herrietan bilatzea non bizi. «Horrek aldi berean ekarri du gure herriko etxebizitzen prezioa igotzea», zehaztu du alkateak.
Diagnostiko horren arabera, Lezon 208 etxe huts daude; horietan behintzat ez da inor erroldatua. Horiek merkaturatzeko neurriak ezarriak ditu udalak: 2025ean etxe huts horiei Ondasun Higiezinen Zergan %100eko errekargua jarri zien, eta aldi berean, etxebizitza horiek Jaurlaritzaren Bizigune programaren bidez alokairuzko merkatuan jartzen dituztenek %50eko hobaria dute zerga horretan. «Ikusi behar dugu zer emaitza ematen duten neurri horiek. 208 huts horietatik —Lezoko etxebizitza parte osoaren %7,44 dira— zenbat merkaturatzen diren jakin nahi dugu neurri gehiago ezarri edo ez jakiteko».
Alkateak nabarmendu du Oarsoaldeko Etxebizitza Bulegoa martxan jartzekoa dela. Horren helburua izango da udalek eta beste erakundeek eskaintzen dituzten baliabide eta diru laguntzen berri ematea, nahiz herritarrei arreta ematea. Adibidez, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailak badu programa bat, zeinetan ziurtatzen dien etxebizitzen jabeei horiek alokairuan jartzen badira, maizterrek kalteak eragingo balituzte edo ordainketa arazoak baleude ziurtasuna ematen duena bai kalteen edo ez ordainketen kargu egingo dela, aseguru antzeko baten bidez. «Horrek ziurtasuna emango die jabeei, nahiz eta Jaurlaritzak ezarriko duen etxebizitza horien alokairuaren prezioa», esan du Arrutik.
Aralar kalekoak, bidean
Etxebizitzarena herritarrak gehien kezkatzen dituen arazoetakoa da. Horri erantzun integrala eman behar zaiola ziur da udala. Erantzun horren barrukoak dira etxebizitza hutsak mobilizatzea, Oarsoaldeko Etxebizitza Bulegoa, edo Etxebizitza Plana. Plan horren arabera, Lezon hiru urteren buruan 158 etxebizitza babestu eta zuzkidura bizitoki berriak sustatzea aurreikusi du udalak. Hala, udaberrian dira bukatzekoak Olatzarreko 33 babespeko etxebizitzak, bahiz tasatutako 24ak. Aldi berean, Arrutik iragarri du Olatzarren beste 33 babestu egingo direla, eta Isastin beste hamasei, «promotorearekin aztertu behar dugu zer izaerakoak diren Isastiko horiek», esan du alkateak. Gainera, Aralar kaleko gazteentzako zuzkidura eta alokairuzko 52 apartamentuak desblokeatzeko bidean direla esan du agintariak.
Aralarrekoa 2009tik abian den gaia da. «Gauza batetik edo besteagatik gaia ez da nahi bezain azkar joan», aitortu du Arrutik: «Duela egun batzuk Jaurlaritzatik han obra egiten hasi ahal izateko baimen eskaera jaso genuen. Udal teknikariak hori aztertzen ari dira. Espero dezagun aurten bertan han lanak hasteko moduan izatea». Anbulatorio berria ere han jarriko lukete.
Lezoko Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorrean jasota dago Marrukene eremuan etxebizitzak egiteko aukera. Arruti: «Batetik enpresa bat dago han, eta etxebizitzak egitekotan hori mugitu beharko litzateke. Elektrizitate azpiegitura bat ere badago, eta zaila da hori mugitzea. Karga eta zailtasun dezente daude egun han etxebizitzak egiteko; kostu ekonomiko handiko operazioa da».
Arraitoki
2023ko otsailean eman zion Pasaiako Portu Agintaritzak Arraitokiko eremua Lezori. Urte hartan egin ziren udal hauteskundeetan alderdi guztien programetan azaldu zen han herriarentzat baliagarri liratekeen azpiegiturak egitea. «Lanketa egiten ari gara. Han herriarentzako urte luzerako baliagarria izango den zentro zibiko eta soziala egitea da gure asmoa. Inbertsio handia eskatzen du horrek, udalak zorpetu beharko luke», alkateak. Kanpaina hartan alderdi denek Arraitokirako antzekotasuna zuten ideiak zituztenez, eta inbertsio handia oinarrian, era adostuan lantzen hasi dira herriko alderdi politikoak eta udaleko hainbat alorretako teknikariak han zer egin. «Elkarrekin hasi gara hori lantzen. Lehen urrats bezala, Euskal Herrian diren antzerako proiektuak ezagutzen ari gara. Aurrerago, herriko talde eta eragileekin bilerak egingo ditugu. Denbora eskatuko du honek, ordea», zehaztu du alkateak.
