Pasaiako Mintzalagunean izena eman daiteke
Pasaian hamarnaka lagun ditu egun Mintzalagunak, eta kide gehiago bilatzea du helburu otsailean zehar aktibo egongo den ikasturte erdiko kanpainak.
Mintzalaguna egitasmoan izena emateko epea zabalik dago Pasaian. Mintzalaguna mintzapraktika programa bat da. Programaren funtzionamendua erraza da: euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dutenekin elkartzen dira, “euskara praktikatzeko gune eroso eta atseginak eskainiz”.
Mintzalaguna bezalako iniziatibetan parte hartzeko hainbat arrazoi egon daitezkeela adierazi du Pasaiako Udalak: “Euskara praktikatu nahi izatea, euskara maila hobetu nahi izatea, harreman eta lagun talde berria bilatu nahi izatea, euskara ikasten ari direnei prozesuan lagundu nahi izatea, euskara plazara ateratzeko norberaren ekarpen txikia egin nahi izatea, ikasitako euskara erabili edo praktikatu nahi izatea edota erdi ahaztuta dagoen hizkuntza berreskuratu nahi izatea”.
Pasaian hamarnaka lagun ditu egun Mintzalagunak, eta kide gehiago bilatzea du helburu otsailean zehar aktibo egongo den ikasturte erdiko kanpainak.
Mintzalaguna programa doakoa da. Taldetxoak kideen zaletasunak, gustuak, adinak, bizitokiak, barrutiak eta ordutegiak kontuan hartuta sortzen dira. Talde bakoitzak hiru, lau edo bost pertsona ditu gutxienez, eta astean behin biltzen dira. Astean behineko hitzordu horrez gain, Mintzalaguna programako taldeek elkar ezagutzeko eta harreman sarea zabaltzeko, noizbehinka ekintza osagarrietan parte hartzeko aukera izaten dute: ikastaroak, irteerak, bazkari eta afariak edota ikuskizunak. Adin eta maila guztietako pertsonei begirako ikastaroa da; baldintza bakarra da euskaraz komunikatzeko gai izatea. Mintzalagun boluntarioa izateko, aldiz, nahikoa da euskara erraz egitea. Egitasmoak ikasturteko iraupena izaten du. Izen emateak urrian eta otsailean zabaltzen dira, eta programa ekainean bukatzen da, hurrengo ikasturtera arte.
Udalak herritarrak animatu nahi ditu Mintzalagunean parte hartzera, “euskaraz hitz egiteko aukera berriak sortzeko eta komunitatea sendotzeko asmoz”.
Egitasmoaren gaineko informazioa nahi dutenek, helbide elektronikora idatzi edo 688 64 71 59 telefono zenbakira dei egin dezakete.
