Ihoteak, auzotarrenak
Baserriz baserri eman dute goizetik eguerdirako tartea oiartzuarrek. Bakoitza bere auzoan, euskal usadioa lehen lerroan jarrita euskal dantza, kantu eta batez ere festa zabaldu dute.
Kuestazioa Elizalde auzoan. Oiartzuarrena bakarrik da gaurko eguna, auzo arima elikatu eta festa giro betean sareak jostekoa, usadioak, euskal kultura eta herritartasuna zein nortasuna aldarrikatzekoa. Atzo hasi ziren Ihoteak eta ordutik eta bihar arte Intxisu, Basandre eta Sorginena da herria, baina garaiz etxeratu ziren oiartzuarrak, gaurko eguna aski berezia delako haientzat, goizean hasi kuestazioarekin auzoz auzo, eguerdian mahaiaren bueltan bildu auzokideekin, eta gaueko ordu txikiak arte izango dira jaian murgilduta.
Elizalde auzoko kuestazioan izan da aurten HITZA. 10:00etan abiatu dira parte hartu duten 100 lagunek Done Estebe plazatik. Irati Martiarena Arnaez auzo horretako antolakuntzako arduradunak kuestazio eguna oso berezia izaten dela harentzat eta Oiartzuarrentzat oro har azaldu du, “azkenean auzoko kontu bat da, herrikoek disfrutatzen dugun jaia. Ihote hasiera eta bukaera ekitaldiak pixka bat masifikatu dira eta egun hau oso berezia da oiartzuarrentzat. Dantza egin, abestu eta festa giroan ibiltzen gara”.
Plazatik abiatuta Learrerako bidea hartu dute, eta bertan baserrien artean ibilita dantzan, kantuan eta hamaiketakoa egiten, zaharren egoitzara joan dira. Han bisita egin, eta kantuan eta dantzan ere aritu dira; jatekoak ere jarri dizkiete bertan kuestazioan ibili direnei. Bereziak dira kuestazioko une guztiak, baina akaso, apur bat bereziagoa izan da zaharren egoitzara heltzeko hori, zain-zain zituztelako egoiliarrak eta oso pozik hartu dituzte bisitari alaiak.
Bertakoak bukatuta herrian barrena ibili dira eta 14:00etan Intxisu, Basandre eta Sorginak plazara jaitsita denak bertan bildu, dantza egin eta ondoren Girizia elkartean bazkaldu dute Elizaldekoek.
Elizaldeko kuestazioa azken urteetan pixka bat jaitsi dela aitortu du Martiarenak “150 lagun inguru ibiltzen gara normalean, eta aurten 100 inguru ari gara”. Lanketa handia egin zutela Elizalden Ihoteak eta kuestazioa berreskuratzeko azaldu du, “gurea da auzo izaera gutxien duena edo. Izan ere, herriko jaiak Elizaldekoak dira, Ihoteak bertan egiten dira… Beste auzoek agian auzo izaera handiagoa dute arrazoi horregatik. Urteetan haur gehiago sartzen joan dira eta moldatu egin dugu horien ezaugarrietara, eta bertako gazteek joera handiagoa dute agian beste auzoetara joateko”.
Hurrengo urteari begira jarri da; deialdia zabalduko dutela esan du eta helburua dela denen ezaugarrietara moldatzen den jarduera antolatzea, “auzo hau indartzeko”.
Kuestazioa zer den azaltzeari garrantzia eman dio Martiarenak: “Eskean joaten da eta trukean hamaiketakoa jasotzen da. Horretarako baserrira joaten garenean erratza pasatzen dugu lurra esnatu eta izpiritu txarrak uxatzeko, eta kantu eta dantza ere egiten dugu. Hori eginda hamaiketakoa irabazia dugu”.
Garai batean puska biltzea egiten zela jarri du nabarmen, “baserrietan zerbait ematen ziguten guk erratza pasa, abestu eta dantzatu ondoren, eta baserriz baserri jasotakoarekin bazkaria egiten zen, gaur egun hamaiketakoa jartzen dute, eta bazkaria gero auzo bakoitzak antolatzen du”.
Jai egun berezia gaurkoa Oiartzuarrentzat, eta HITZA-k jakin duenez berritasunik ere izan omendu du. Izan ere kuestazio taldeko hainbat beteranok, garai bateko kuestazioa berreskuratu nahian, Arritxulo aldeko baserrietara jo omen dute.
Ondokoan gaur Elizalde auzokoek egindako kuestazioan HITZA-k jasotako bideoa eta irudiak dira.
