Indoor arraunaren epizentroa bihurtuko da Agustina Otaola igandean
Euskadiko eta Gipuzkoako Ergometro txapelketak jokatuko dituzte datorren igandean Agustina Otaola pilotalekuan.
Iazko Gipuzkaoko Ergometro Txapelketa Ur Kirolak elkartearen egoitzan.Gipzukoako Arraun Federazioa Euskadiko eta Gipuzkoako Ergometro txapelketak jokatuko dituzte datorren igandean, hilak 15, Errenteria-Oreretan. Arraunketako Euskal federazioak, Gipuzkoako Arraun Federazioak eta Hibaika Arraun elkarteak antolatuta, Agustina Oatola udal pilotalekuak hartuko ditu bi lehiak, 10:00etan hasita. EAEtik heldutako aulki mugikorreko zein aulki finkoko arraunlariek hartuko dute parte eta talderik jendetsuena Bizkaitik heltzea aurreikusi dute: “bertatik etorritako 40-50 arraunlariren presentzia espero da. Kopuru oso garrantzitsuak dira, lana eta antolakuntza eskatzen dutenak”.
Denera 100dik gora arraunlari ariko dira, baina ez dago momentuz behintzat kopuru itxirik, izen ematea asteazkenean, hilak 11, itxiko baitute 20:00etan.
Kategoria guztietan lehiatuko dira. Mutil eta neska haurretan 1.000 metro egin beharko dituzte ergometroan; neska eta mutil kadeteetan, 1.500; neska eta mutil Gazte Kategorian, 2.000 metro; Absolutuetan, 2.000 metro eta Beteranoetan, 1.000 metro. Euskadiko Ergometro txapelketan, Pararemo kategoria ere izango da, elbarritasun fisikoa duten arraunlariei begira, azken horiek 2.000 metro egin beharko dituzte.
Hibaika Arraun Elkarteak ez du zehaztu klubeko zenbat arraunlarik hartuko duten parte txapelketetan, baina kategoria ezberdinetakoak arituko direla lehian esan du.
Proba herrira ekartzearekin pozik azaldu da arraun elkartea, “bertigo pixka bat ematen du, baino harro eta gogotsu gaude halako proba entzutetsu herrira ekartzeagatik. 100 arraunlaritik gora bertaratuko dira eta hori guztia kudeatu beharko dugu arraun federazioko epaile eta antolatzaileekin elkarlanean. Hala ere, erronka ongi gaindituko dugula ziur gaude”.
Aukera paregabea izango da igandean, beraz, Euskadi eta Gipuzkoako Ergometro txapelketak gertu-gertutik jarraitzeko, eta hori horrela, herritarrak Fanderiako Agustina Otaola udal pilotalekura gerturatzera deitu ditu Hibaikak, “herriko arraunlariak animatu eta ergometroarena bezalako proba ikusgarria gertutik jarraitzeko aukera izango dutelako”.
