Lehenengoaren arrakastaren ostean, Disko Band ikuskizunaren bigarrena prest
Errenteriako Musika Banda eta Iker Rodriguez DJa fusionatuko ditu bigarrenez Disko Band ikuskizunak; sarrerak salgai asteazkenetik aurrera, 7 euroan.
Emanaldiaren irudi bat. Publikoa dena emanda. Dani Novas Lehenengoaren arrakastaren ondotik, argi izan zuten esperientzia errepikatu behar zutela. Pentsatu eta egin. EMKE Musika Banda eta Iker Rodriguez DJak handia egingo dute, berriro, martxoaren 14an antolatu duten Disko Band ikuskizunaren bigarren ekitaldiarekin. Argi eta soinu eztanda fusio berritzaile baten eskutik helduko da, lehen aldian bezala, Lekuona Fabrikara oraingoan ere. Sarrerak asteazkenean jarriko dituzte salgai—hilaren 11n— 7 euroan, online (klik hemen).
Aurreikuspen guztiak gainditu zituen lehen Disko Band ikusizunak, eta bigarrenaren prestaketan buru-belarri direla azaldu du EMKEk. Musika banda eta Iker Rodriguezekin batera, lau abeslari, gitarra elektrikoa, baxua, teklatuak eta perkusioa ariko dira oholtza gainean. Ikuskizun berezia da, eta ez da eserlekurik izango Lekuona Fabrikan. Aurreko ekitaldian egin bezala, tardeoarekin hasiko dute ikuskizuna 18:00etan, Lekuonan jarriko diren bi agertokietatik txikienean. 20:00etan agertoki handiak hartuko du Disko Band emanaldia. Ikuskizunean zehar, Lekuonako espazioan taberna izango da.
Zuzendari lanetan, lehenengoan bezala, bigarrenean ere Alain Aierdi Gurpegi.
Musika Kultur Elkarteak urte hauetan guztietan herriko hamaika eragilerekin ari da elkarlanean, “ia guztiekin aritu gara” eta Disko Band ere horrela sortu zen. Zalantzarik ez dute antolatzaileek, aurtengoak ere bertaratzen diren guztiak “liluratuko” dituela. Musikaz gozatzeko eta dantzatzeko kontzertua martxoaren 14an, larunbatarekin izango da, 18:00etan hasita Lekuona Fabrikan.
