Elkartasunez eta aitortzaz betetako Lezo-Jaizkibel
Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketak minbiziaren kontrako lana lagunduko du, eta Josetxo Etxandi Pilota Oroitaldia omenduko du.
Larunbateko aurkezpeneko talde argazkia.Lezo-Jaizkibel Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketarako atzera kontua hasi da. Bi aste baino gutxiago falta dira Lezorena eta lezoarrena den proba egin dadin: hilaren 22an izango da lasterketa nagusia. Aurten ere elkartasun kutsua izango du probak, bai helduen lasterketaren nahiz haurrenaren (hilaren 21ean izango da) dortsalen salmentaren diruaren zati bat Gipuzkoa Minbiziaren Aurka elkartearen alde bideratuko dutelako: helduen lasterketaren izen emate bakoitzetik euro bat, eta haurren lasterketan saltzen den dortsal bakoitzeko bi euro. Larunbatean aurkeztu zuten ofizialki lasterketa antolatzaileek (Xoxolur eta Lezoarrak Korrikalari Taldea), nahiz Gipuzkoa Minbiziaren Aurka elkarteko kideek.
Hilaren 22an izango da helduen lasterketa. Ziztu bizian agortu egin ziren dortsal guztiak urtarrilaren 1eko lehen orduetan. 10:00etan aterako dira Gurutze Santuaren plazatik partaideak, baina dortsalak 08:30etik jaso behar dituzte plazan bertan. Lezoarren presentzia handia izango da aurten ere partaideen artean. Gainera, beti bezala, boluntario asko izango dira bai ibilbidean zein bestelako zereginetan laguntzen dena egoki joan dadin. Behin hamalau kilometroko probaren partaide guztiak helmugara iritsita, sariak emango dituzte: lehen hiru emakume zein gizonei, lehen lezoarrei, zein su-ebakia azkarren igo dutenei. 08:45ean irekiko dituzte Bekoerrotako aldagelak (13:45ak arte erabil daitezke).
Sari emate ekitaldi horretan (12:30 inguruan izango da) Lezoko kirolarekin harremana duenak aitortzeko ekitaldia egiten dute. Aurten, Josetxo Etxandi Pilota Oroitaldiaren antolatzaileek jasoko dute omenaldia, aurten bertan 50 urte beteko dituelako santakrutzen bueltan antolatzen den lehia horrek.
Solasaldia eta haurrak
Lezo-Jaizkibelen eragina herrian erabatekoa da. Ospe handiko mendi lasterketa bilakatu da, ia lehen ediziotik. Hala, antolatzaileek probaren aitzakiarekin beste hainbat jarduera antolatzen dituzte, tartean beti izaten delarik solasaldiren bat. Aurtengo mahai-ingurua hilaren 19an (osteguna) izango da, 19:00etan Gezala Auditoriumean: Usoa Ostolaza, Jokin Lizeaga eta Martxel Bereau goi-mailako kirolariek mahai-ingurua egingo dute euren kirol bizipenak oinarrian direla.
Hilaren 21ean (larunbata da), berriz, haurren Lezo-Jaizkibel izango da. 17:00etan hasiko dira, Bekoerrota kiroldegitik, 0-12 tartekoentzat prestatutako lasterketak. Izen ematea 16:00etatik egin behar da Bekoerrotan bertan, 3 euroan (bi euro Gipuzkoa Minbiziaren Aurka elkartearentzat izango dira). Izerditu ondoren, hainbat osagai eta opari emango dizkiete partaideei.
