Lezoko hirugarren Korrika Batzordea, asteartean
24. Korrikak Lezon izango duen izaeraren gainean hitz egiteko batzarra 16:45ean hasiko da, Oroitzene AEKn.
22. Korrikan (2022koa), pankartak udaletxean. 24. Korrikaren eragina Lezon nabarmena izango da. Hori horrela izateko, ordea, antolatu behar. Horregatik Korrika Batzordearen hirugarren bilera egingo dute hilaren 12an (asteartea) 16:45ean Oroitzene AEKren egoitzan. Bertara orain arte batzordekide direnak, edo Korrikari ekarpena egin nahi diotenak daude deituta. Martxoaren 25ean igaroko da AEKren sostengurako martxa handia herritik: 06:39etik (ordu horretan iritsiko da Gaintxurizketako gainera, Hondarribitik) 07:22era (sanjuandarrek ordu horretan hartuko dute lekukoa)
Aurreko bi bileretan jada erabaki batzuk hartu dituzte batzordekideek. Esaterako, Korrika Txikia martxoaren 24an (asteartea) izango da, 15:30etik aurrera. Hau da, Korrika nagusiaren bezperan izango dute herriko txikienek lekukoa eskuz esku pasatzeko aukera. Martxoaren 26an, berriz, hain gazte ez direnen Korrika, edo Dinokorrika: Tipi-Topa ibilaldien barruan izaten denez, nagusien Korrika ostegunez egingo dute aurten ere.
Lehenagotik izango dira ekitaldi gehiago. Izan ere, herriko eragileekin elkarlanean eta haiek antolatutako asko baliatuz, Korrikari lotutako jarduerak izango dira herrian martxoaren 13 (ostirala), 14 eta 15ean. Horiei itxura ematen ari dira herriko eragileak, eta astearteko batzordea egun horien izaeran sakontzeko baliatuko dute.
