Topoan, asteazkenetik, pareko nasara
Hendaia-Errenteria geltokien artean nasen aldaketa asteazkenean egingo dute; Galtzaraborda eta Antxo artekoa ostegunean iritsiko da.
Urtarrilean iragarri zuten EuskoTrenek eta Eusko Trenbide Sareak (ETS) topoaren nasetan aldaketak izango zirela, tren horien bidea egiteko burdinbideen noranzkoan aldaketak egingo dituztelako. Jada data zehatza eman dute bi erakundeek: asteazkenean (hilaren 11an) gauzatuko da aldaketaren lehen atala. Hala, gaur egun eskuineko trenbidetik doaz topoak iritsi beharreko geltokietara; asteazkenetik, ezkerrekotik joango dira Hendaia eta Errenteriako geltoki nagusiaren artean, eta ostegunetik Galtzaraborda-Antxo artean. Beraz, egun horietatik aurrera ohi zenaren pareko nasa hartu beharko da nahi den tokira iristeko.
ETSk eta EuskoTrenek azaldu dute aldaketa hori egitea beharrezkoa dela etorkizunean Hendaia-Zarautz tren lotura egin ahal izateko, behin Donostiako trenbide pasartea inauguratzen denean. “Aldaketa horrek bidaia fluxua optimizatuko du, konexio denbora murriztuko du, eta erabiltzaileen esperientzia hobetuko du”. Egunero, batez beste, 47.500 erabiltzaile ditu Hendaia eta Pasaia arteko topoak.
Aldaketak behar bezala aldatzeko, tokian tokiko geltokietan arreta zerbitzuak indartuko dituztela azaldu dute ETSk eta EuskoTrenek.
Aldaketa azaltzeko hiru adibide:
- Irun Kolon. Asteazkenera arte, Hendaia aldera joateko nasa geltokian den gara bateko txarteldegien eraikina dagoena izango da. Asteazkenetik aurrera, pareko nasan hartu behar dute topoa Hendaiarantz joan nahi dutenek, eta eraikina dagoena Donostiarantz joan nahi dutenek.
- Errenteriako geltoki nagusia. Asteazkenera arte, Donostiarantz joateko txarteldegia eta tornuak diren nasatik sartuko dira erabiltzaileak; asteazkenetik aurrera, berriz, Donostiarantz joateko haren pareko nasa hartu beharko dute, eta Irun aldera joateko txarteldegiaren eta tornuen azpiegitura dagoena.
- Antxoko geltokia. Ostegunera arte, bi nasetara joateko bidegurutzean, eskuineko eskailera hartu behar dute erabiltzaileek Donostiarantz joateko eta ezkerrekoa Hendaia aldera joateko. Ostegunetik, ezkerrera egin beharko da Donostiarako norabideko topoa hatzeko, eta eskuinera Hendaiara joateko.
