Omenaldi hunkigarria jaso du Ricardo Ugartek
Euskahaldunak Eskultoreen Elkarteak Eskua Saria eman zion ostiralean eskultore sanpedrotarrari eskulturgintzari egin dion ekarpena aitortzeko.
Euskahaldunak Eskultoreen Elkarteak Eskua Saria eman zion ostiralean Ricardo Ugarte Zubiarrain eskultore sanpedrotarrari eskulturgintzari egindako ekarpenagatik. San Pedroko Udal Aretoa txiki geratu zen, eta lagunak, senideak eta ordezkari politikoak bertaratu ziren Ugarteren ibilbidea aitortzeko.
Ricardo Ugarte Zubiarrain 1942ko abuztuaren 6an jaio zen San Pedroko Pasaman alarguna kalearen lehen zenbakian. Udal Aretoa Ugartek berak inauguratu zuen, duela 32 urte egindako erakusketa batekin. Ugartek bere sorterria oso presente izan du beti, eta itsasoak eta portuak eragin handia izan dute bere obretan.
Bere lan gehienak burdinazkoak eta altzairuzkoak dira, eta lan horietan barneko eta kanpoko espazioen arteko loturak ezarri nahi izan ditu artista sanpedrotarrak. Ugarte nazioartean ibilitakoa ere bada, eta eskulturak ditu Tenerifen, New Yorken, Parisen, Budapesten edota Japonian.
Gema Ces sanpedrotarrak eta Ugarteren adiskideak ireki zuen ostiraleko ekitaldia, eta Iñaki Alberroren biolontxelo doinuekin gozatu zuten bertaratu zirenek. Ondoren, Teo Alberro Pasaiako alkateak hartu zuen hitza: “Gaur hemen elkartzen gaituena ez da soilik sari bat, baizik eta aitortza bat: bizitza oso baten ibilbidea, arteari eskainitako konpromiso sakona, eta batez ere, sustraiekiko leialtasuna. Ricardo, zure lanak gure herriaren izena zabaldu du mundura, modu soil, sendo eta sakonean. Horregatik, eskerrik asko. Eskerrik asko arteari emandako bizitza osoagatik, eta eskerrik asko sustraiei leial izateagatik”.
Alberroz gain, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburua, Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua, Laura Ré Pasaiako Udaleko Kultura eta Hezkuntzako zinegotzia eta Miguel Mari Torrea San Pedroko alkateordea ere izan ziren ostiraleko saioan.
Fernando Golvano arte kritikariak ere hitza hartu zuen, eta Ugarteren lana eta osatutako ibilbide profesionala goratu zituen. Aldi berean Julia Otxoak, Ricardoren emazteak, bere omenaldia eskaini zion, eta Felipe Zelaieta bertsotan aritu zen. Omenaldia bukatzeko, Euskahaldunak Eskultoreen Elkarteko Guillermo Olmo presidenteak eman zion Eskua Saria Ugarteri, txalo zaparrada artean.
Jarraian, Pasaiako Udalak ostiraleko omenaldian ateratako hainbat argazki.
