Ignacio Garcia de Eulate eta Tania Ripa Don Bosco ibilaldiaren irabazle
Irabazleek 1988ko Peugeot 309 batekin hartu zuten parte; Iñaki eta Aitor Garmendiak bigarren egin zuten proban 1990. urteko Volkswagen Golf GTI batekin.
Don Bosco Ibilaldiaren Hamaseigarren ekitaldiaren irudi bat.Joseba Undiano Ignacio Garcia de Eulate eta Tania Ripa izan dira Don Bosco Ibilaldiaren hamaseigarren ekitaldiaren irabazleak, 1988ko Peugeot 309 batekin. Lizarraldea Classic eskuderiako bi ordezkariak izan ziren lau kontrolpeko zatietan puntu gutxien batu zituztenak, 64,4 guztira. Haien ondotik, Iñaki eta Aitor Garmendia sailkatu ziren; RACVN Real Automovil Club Vasco Navarro eskuderiakoak 1990. urteko Volkswagen Golf GTI batekin hartu zuten parte ibilaldian, eta 72,4 puntu jaso zituzten kontrolpeko lau zatietan. Ion de la Lomak eta Lander Gurmendik, Bidasoa Klasikoak taldekoak lortu zuten hirugarren postua 1991. urteko Volkswagen Polo batekin, eta 75,8 punturekin.
Proba “lehiatua” izan zela azaldu dute antolatzaileek —probaren atzean Don Bosco LHII eta RACVN—, zerikusi gutxi zian zuela hasierak amaierarekin, “lehen hiru sailkatuek, zazpigarren, hamaseigarren eta hemezortzigarren postuetan bukatu zuten lehenengo zatia, Igeldo. Aia eta Alkiza izan ziren bigarren eta hirugarren tarte arautuak larunbateko proban, eta bi horietan sendotu zuten lehen postua irabazleek, bi horietan lehenengo izan baitziren; laugarren zatian 18. sailkatu baziren ere, lortu zuten garaipena lau tarteen batura eginda.
Irabazleek latz izan zuten azken zatia, onena izan zen bigarren sailkatu zen Iñaki eta Aitor Garmendiak osatutako taldearentzat; lehen postuan bukatu zuten laugarren eta azken tarte hori. Bigarrenen bide beretik egin zuten hirugarrenek ere, hirugarren eta laugarren zatietan, hirugarren postua erdietsi zuten Ion de la Lomak eta Lander Gurmendik.
Aurten ere, kategoriaren araberako sariak eman dizkiete ibilaldian parte hartu dutenei. Arlo horretan, F sailean, 1970. urtearen aurretik matrikulatutako ibilgailuen artean Bidasoa Klasikoetako eskuderiako Jose Cruz Arrietak irabazi zuen saria 1969ko Opel 1900 GT autoarekin. Hirugarren urtez jarraian errepikatu du lehen postua. Jokin Lopez izan du lagun aurten Arrietak.
G Sailean, 1970. hamarkadan matrikulatuetan, Arrizen Sagardui eta Eneko Berroeta, Amatxorbe Taldekoak nagusitu ziren 1979. urteko Ford Fiesta MK1 ibilgailuarekin. H Sailean, 1980. hamarkadan matrikulatutakoetan, Ignacio Garcia de Eulate eta Tania Ripa izan ziren garaile. Sari bikoitza beraz, ibilaldiaren irabazleentzat.
I Sailean, 1990. hamarkadan matrikulatutako autoen artean Iñaki eta Aitor Garmendia izan ziren garaile; horientzat ere sari bikoitza, sailkapen nagusian bigarrenak izan baitziren. Gainera, erdi-behe modalitatean, Alfonso Aginagak eta Edurne Lekuonak, Bidasoa klasikoak eskuderiakoak, irabazi zuten saria 1981eko Citroen 2CV Charleston batekin.
Eta sarien artean, dotorezia ere aintzat hartzen dute proban, eta kategoria horretako lehen saria Joseba Mendizabal eta Miren Ibarbiak jaso zuten 1956ko Volkswagen Escarabajo Cabrioletekin. Lehiaketako autorik zaharrena izan zen eurena. Bigarren saria dotorezia atalean, Jesus eta Miguel Longasentzat 1873ko Seat 124 sport 1.8 ibilgailuarengatik.
Ibilaldiaren hamaseigarren ekitaldiaren balorazioa “ezin hobea” egin dute antolatzaileek: “2027koari begira ari gara jada”. Aipamen berezia egin diote, gainera, Joxean Ayucarri; 2011n lehen ekitaldia egin zutenetik etenik gabe aritu da antolakuntza taldearen barruan lanean, eta aurtengoa izan du azkena. Sari banaketa egin aurretik, omenaldia eskaini zituen antolakuntzakoek.
Ondoko argazkiak, Joseba Undianok eginak dira eta Don Bosco LHII ikastetxe publikoak helarazitakoak.
