Kaiko Herrerako suteen babeserako instalazioa berrituko du portuak
Lanak egiteko bi biltegi eraitsi, eta ia bi milioi euroko inbertsioa egingo du Pasaiako Portu Agintaritzak.
Kaiko Herreraren nahiz inguruaren irudi orokorra.Pasaiako Portu Agintaritza Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) Kaiko Herreran duen suteen babeserako instalazioak berrituko ditu. Sare orokorra eraberritzeko ia bi milioi euroko inbertsioa egingo du, eta zonalde horretako lanak horren barruan sartzen dira. Hala, hango D-2 eta D-3 biltegiak eraitsiko ditu, hor 702 metro kuboko edukiera izango duen ur biltegi bat eraikitzeko.
Kaiko Herrerako mendebaldean ezarriko dute biltegi berria, beraz, han diren biltegiak izango dira eraitsiko dituztenak; atzo (astelehena) hasi ziren horik botatzeko lanekin eta astebetez izango dira zeregin horretan Construcciones Alzola enpresako langileak.
Eremua libre gelditzen denean, ura biltegiratzeko 702 metro kuboko altzairu galbanizatuko depositua, eta 100 metro koadroko azalera hartuko duen ur ponpaketa estazio berria jarriko dituzte. Horrela, PPAk zehaztu duenez, “edozein larrialdiren aurrean ur horniduraren autonomia” bermatuko da.
