Espiritu olinpikoa Bekoerrotan
Lezo Herri Eskolako eta Institutuko ikasleek izerdiz eta kolorez bete dute herriko kirol instalazio estaliko kantxa.
Neguko Olinpiar Jokoak ari dira egiten Italian, Milan eta Cortina artean. Horren zati bat, eta udako Olinpiar Jokoena ekarri dute gaur Lezo Herri Eskolako nahiz Institutuko ikasleek Bekoerrota kiroldegira. Berezko kirol izaera duen instalazio estalian, han inoiz ikusi gabeko kirol modalitateak praktikatu dituzte ume eta gaztetxoek: eskia, 1 Formula, hipika, boxeoa… Olinpiar jokoak gai izanda, ikuskizun handia egin dute herriko kirolgunean, harmailak bete-bete zirela.
Aurkezleek maisuki bideratu dituzte kantxaren erdialdera emanaldia egin duten talde guztiak. Dantza eta kirol jarduera uztartu dituzte hor. Hala, goizean herritik egitekoa zuten desfilea eguraldiagatik bertan behera gelditu bada ere, kiroldegian eskaini duten ikuskizunak ikusleen oniritzi sutsua izan du. Txalo zaparradak bata bestearen atzetik iritsi dira. Batukadaren indarrak sutu du hasieratik kantxa. Espiritu olinpikoa piztu dute Bekoerrotan, eta Lezon.
Gaur Ostiralori da. Lezoko inauterien bigarren eguna. Atzo iritsi zen Trapujale; gaur eta bihar, nahiz astelehenean eta asteartean badira ekitaldi askoz gehiago. Beheko zerrendan ikus daitezke.
Jarraian, Bekoerrotako ikuskizunaren hainbat irudi eta bideoa.
Otsailak 13, Ostiralori.
- 17:30. Gurutze Santuaren plazan, Sorgin dantza eta Zirikuen kalejira.
- 18:15. Lezoko Dantzazaleen desfilea.
- 19:20. Gurutze Santuaren plazan, Lezoko Dantzazaleen eskutik Zuberoako dantzak.
- 21:30. Pasaia-Lezo Lizeoko jangelan, Trapudrama bertso afari tematikoa. Bertsolariak: Maddi Ane Txoperena, Igor Elortza, Maider arregi eta Andoni Rekondo. Trapujalez edo haren inguruko pertsonaiaren batez mozorrotu behar da. Txartelak Arrutin eta Tiñelun salgai.
Otsailak 14, Larunbatgorri.
- 11:30. Kale Nagusiko Murixka Dantza Taldearen egoitzatik abiatuta, Euskal Herriko hainbat inauteritako dantzekin kalejira Murixkaren eskutik. Gurutze Santuaren plazan bukatuko dute bidea.
- 17:00. San Pedro auzotik, herri desfilea Jaixkipe txarangak girotua. Gaia: Kirola.
- 19:00. Karlos Saldise plazatik abiatuta, karro-poteoa. Jarraian, mozorro festaren aurkezpena eta talde argazkia Gurutze Santuaren plazan.
- 21:00. Koldobike Gezala pilotalekuan, mozorroen herri afaria, eta sarien banaketa. Gaia: Kirola.
- 23:30. Koldobike Gezala pilotalekutik abiatuta, Poteo txarangarekin kalejira.
Otsailak 16, Astelehenarre.
- 17:30. Gurutze Santuaren plazan, Lezoaundi Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren aurkezpena. Ondoren, kalejira.
Otsailak 17, Asteartebeltz.
- 15:00. Lezo Herri Eskolan, Trapujaleren Epaiketa Txikia. Ondoren, txokolatada.
- 19:00. Gurutze Santuaren plazan, Trapujaleren Epaiketa eta ondoren Herio Bidaia.
