"Kultur eragile askoren adiskidetasunarekin joan naiz"
Kultura teknikari bezala ereindakoagatik, Trapujale Saria eman zioten atzo inauterien hasieran. Lezoko eragileen indarra goretsi du.
Lezoko Udaleko Kultura teknikari izan da 36 urtez, iaz hartu zuen erretiroa. Atzo jaso zuen Trapujale Saria, herriko inauteriei emandako laguntzagatik, eta oro har Lezoko kulturaren alde egindako lanagatik. Pertsonaletik harago doan aitortza dela uste du Valek, 1989tik alboan izan dituelako Kultura saileko eta udaleko langileak, nahiz herriko eragileak. «Kulturan lan egin dugun guztiontzat da aitortza», esan du.
Atzo eman zizuten Trapujale Saria herriko inauterien hasierako ekitaldian. Zer suposatu horrek zuretzat?
Poztasun handia izan da niretzat. Oso adierazgarria eta polita. Baina esan nahi dut saria ez dudala zerbait pertsonala balitz bezala hartu nahi. Izan ere, Lezoko kulturaren garai oso bati eta bereziki Kultura saileko lantaldeari egindako aitortza da. Nire lanetik kultura sustatu dut, baina lagun asko izan ditut bide honetan: jai batzordeak, elkarteak, herritarrak…
Izan ere, 36 urteko bide honetan herritarrekin izan duzun hartu-emana garrantzitsua izan da, ezta?
Hartu-eman hori ezinbestekoa izan dela esango nuke. Denetik ikusi dut: aurrekontu eskasak, krisialdiak, politikoen aldaketak, aldaketa teknologikoak… Baina aldatu ez dena lezoarren komunitate espiritua, eta jaiak antolatzeko gaitasuna izan dira. Haien indarra beti nabaritu dut, eta gaur egun ikusten da, inauteriez ari naiz, bizirik dagoela herria eta kolorez indarberrituta agertzen dela urtetik urtera 2000. urtetik hona.
1989an hasi zinen Kultur teknikari bezala.
Gauza asko ikusi ditut agertzen eta desagertzen. Baina beti izan dira herritarrak egin beharrekoei eusteko prest, eta nik haien konplizitateari esker bideratu ahal izan ditut nire lanak. Urte hauetan guztietan inauterien hazkundearen erantzulea Trapujale Taldea izan da, baina herriko beste eragileen inplikazioak ere zerikusia izan du Trapujaleren kontu hau guztia eta bestelako jarduerak aurrera ateratzeko, festak, San Tomas, eta bestelakoak adibidez.
Pertsonalki, zer eman dizu hainbeste urtez Kultura teknikari izateak?
Kultur eragile askoren adiskidetasunarekin joan naiz. Askorekin lortutako konplizitate eta berotasuna egunez eguneko lanaren emaitza izan dela ziur naiz. Zoritxarrez, urte asko eman ditut festetan gora eta behera, baina jai giroaz gozatu ezinik. Adi izan naiz ea ordutegiak betetzen ote ziren, edo megafonia prest ote zen, ea dena behar zen tokian zen… Baina ia beti herriko eragileen babesa, eta Gezalara kanpoko antzerki edo dantza konpainiak etorri direnean haien laguntza ere izan dut. Kulturaren sektorea oso zigortuta dago, baina aldi berean oso jende on eta langilea dago bertan. Zorioneko eragilez betetako kultura dugu, eta gure baitakoa da horiek indartzea eta sustatzea, duten balioa ematea.
Kulturaren demokratizazioa, denengana iristea kultura. Hori izan al da zure zeregina?
Iruditzen zait gizartea asko aldatu dela azken 50 urteotan. Egungo Euskal Herriak ordukoarekin antzekotasun gutxi ditu, baita Europa osoak ere. Badirudi Europa osoa kolorez aldatzen ari dela. Etorri berri direnei hezkuntza edo osasun publikoa bermatzen zaien bezala, kulturarako sarbidea ere erraztu behar zaie, euskarara barne. Etorri berri direnen lehen belaunaldiek Jaizkibel non dagoen, edo Mikel Laboa nor den jakitearekin nahikoa izango dute. Baina haien seme-alabak gureak izan behar badira, bere sostenguaz arduratzen dena ez bada gurera hurbiltzen herrietan antolatzen diren jarduera edo kultur ekitaldien bidez, eta haien indarrak gurearekin bat egiten ez badu, Euskal Herriak gaizki pasako duelakoan nago. Orduan, nire asmoa beti izan da aniztasunari tartea ematea bai hizkuntzetan, jardueren nolakotasunean eta parte hartzean.
Bestalde, esan behar da normalean antzokietara jende heldua agertzen dela. Baina ezinbestekoa da biharko kulturaren kontsumitzaileak edo ikusleak ere antzokietara hurbiltzea. Horretan saiatu naiz: haurrak txikitatik hurbil daitezela kulturara. Biharko ikusleak lantzen saiatu naiz.
36 urteko bide honetan, bereziki kutun izan al duzun jarduera edo egitasmorik al duzu?
Ez nuke bat bera ere aipatu nahiko, ziurrenik asko alboan utziko ditudalako. Urte hauetan guztietan oso maila altuko jendea etorri da Lezora, profesional oso onak etorri dira. Zerbait aipatzekotan, horien guztien jarrera aipatuko nuke, eta Lezotik eraman duten irudi ona. Herrira etorri dena oso gustura joan da hemendik. Askok esan dute oso herri polita dela, nahiz eta Donostia eta Errenteria artean erdi-ezkutuan eta Jaizkibelen magalean izan. Etorri diren gehienek Lezotik biraxka eman, eta nortasuneko herria dela esan dute. Beraz, ziurrenik Lezo arte eszenikoen mapan jarri dugu Euskal Herrian, baina Espainiako Estatutik etorri diren konpainia gehienen mapan ere jarri gara.
Ez egindakoen artetik, arantzarik?
Uste dut azpiegituretan Lezok gabezia handiak dituela. Elkarteak lokal eskasetan ikusten ditut. Gauza orokorra da hori. Gezala ere txikia da, zatika egin zen… Lezok, bere txikitasunean diru gutxi du gauzak egikaritzeko, eta kulturan ere hori nabarmentzen da. Baina herrian bada jendea gauzak aurrera ateratzeko gogoa duena, eta ezinbestekoa da hori. Arantza dut du bai Lezon, zein herrietan dabiltzan sortzaileei gehiago ez emanagatik; zirkuitu amateurrak ere sortu beharko lirateke, talde txikiek ere tokia izan dezaten euren herrietatik kanpo emanaldiak egiteko. Lezon Orratx! Antzerki Taldea dugu adibidez, eta goraipatzekoa da egiten dutena.
Alkate eta gobernu talde dezenterekin izan zara sokatiran. Zaila izan al da harreman hori?
Hori kultur teknikari guztien borroka da. Lau urtetik behin alkate edo Kultura zinegotzi berria topa dezakezu. Eta topa dezakezu zure lana errespetatzen duen politikoa, edo errespetatu arren, zure lan ildoak onartzen ez dituen politikoa ere hainbat arrazoirengatik, diru kontuengatik batez ere. Adibidez, lehendakaria edo Gipuzkoako Ahaldun Nagusia Anoetako estadioan ikus ditzakezu; antzoki batetik ateratzen, ez. Orduan, hortxe gaitza dugu: politikoek kultura miresten dute, baina ez dira partaide sentitzen. Horrek oso erraz egiten du kulturari dirua murriztea, edo jarduerak kentzea. 20.000 euro udal batentzat ez da asko; baina Kultura arloari 20.000 euro kentzen badizkiozu, kalte handia da herriko programazioarentzat nahiz kulturaren inguruan dabiltzan langile guztientzat. Gure gizartea egituratzeko ezinbestekoa da kultura.

2026ko Lezoko inauteriak. Egitaraua.
Otsailak 13, Ostiralori.
- 09:15. Lezo Herri Eskolako eta Lezo Institutuko ikasleen desfilea.
- 10:30. Lezo Herri Eskolako eta Lezo Institutuko ikasleen ikuskizuna Bekoerrota kiroldegian. Gaia: Joko Olinpikoak.
- 11:15. Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleen Trapujale Festa Gurutze Santuaren plazan.
- 17:30. Gurutze Santuaren plazan, Sorgin dantza eta Zirikuen kalejira.
- 18:15. Lezoko Dantzazaleen desfilea.
- 19:20. Gurutze Santuaren plazan, Lezoko Dantzazaleen eskutik Zuberoako dantzak.
- 21:30. Pasaia-Lezo Lizeoko jangelan, Trapudrama bertso afari tematikoa. Bertsolariak: Maddi Ane Txoperena, Igor Elortza, Maider arregi eta Andoni Rekondo. Trapujalez edo haren inguruko pertsonaiaren batez mozorrotu behar da. Txartelak Arrutin eta Tiñelun salgai.
Otsailak 14, Larunbatgorri.
- 11:30. Kale Nagusiko Murixka Dantza Taldearen egoitzatik abiatuta, Euskal Herriko hainbat inauteritako dantzekin kalejira Murixkaren eskutik. Gurutze Santuaren plazan bukatuko dute bidea.
- 17:00. San Pedro auzotik, herri desfilea Jaixkipe txarangak girotua. Gaia: Kirola.
- 19:00. Karlos Saldise plazatik abiatuta, karro-poteoa. Jarraian, mozorro festaren aurkezpena eta talde argazkia Gurutze Santuaren plazan.
- 21:00. Koldobike Gezala pilotalekuan, mozorroen herri afaria, eta sarien banaketa. Gaia: Kirola.
- 23:30. Koldobike Gezala pilotalekutik abiatuta, Poteo txarangarekin kalejira.
Otsailak 16, Astelehenarre.
- 17:30. Gurutze Santuaren plazan, Lezoaundi Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren aurkezpena. Ondoren, kalejira.
Otsailak 17, Asteartebeltz.
- 15:00. Lezo Herri Eskolan, Trapujaleren Epaiketa Txikia. Ondoren, txokolatada.
- 19:00. Gurutze Santuaren plazan, Trapujaleren Epaiketa eta ondoren Herio Bidaia.
