Lur azpikoa nahi dute Topoa
ETSko arduradunekin bilera eginda, auzo elkarteek batzarrera deitu dituzte herritarrak. Toporako nahi duten irtenbide integrala mahai gainean jarri dute: lurperatzea. Horren aldeko lanera deitu dute.
Dozenaka herritar izan ziren batzarrean topoarentzat alternatiba integral eta kalitatezkoa eskatzeko. Topoaren gaia erdigunean jarri dute bizilagunek azken hilabeteetan. Kezkatuta daude. Ez da gutxiagorako, harekin gertatzen denak bizi artean baldintzatu egingo dituelako, eta hori horrela, argi utzi dute ez daudela prest adabakirik, erdibidekorik, eta duina eta integrala ez den irtenbiderik onartzeko. Batzarrera deitu zuten joan den asteko ostegunean auzo elkarteek, abenduan egin zuten moduan topoaz hausnartzeko, adostasunak lortzeko eta bizilagunentzat zein herriarentzat egokiena izango den aterabidea aurkitzeko. Informazioa ere eraman zuten bigarren bilera horretara. Izan ere, herriko auzo elkarteetako hamabi ordezkari ETS Euskal Trenbide Sareko zuzendaritzarekin bildu ziren joan den hilabetean gaiaz hitz egiteko. Zehazki, Dolores de Juan de Miguel Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Mugikortasun Jasangarrirako kontseilari ordea, Antonio Lopez Palenzuela ETSko zuzendari orokorra, eta Julian Ferraz Sumilleras zuzendariaren ondokoa izan ziren bileran bizilagunekin pasa den urtarrilaren 13an Amarako tren geltokian erakunde publikoak duen bulegoan.
Herritar mordoa bertaratu zen lehen bileran Merkatuzarrera. Berdin gertatu zen bigarren deialdian ere, dozenaka eta dozenaka herritar bertaratu ziren batzarrera jakin-minez, eta garrantzitsuena dena, euren eskubideak borrokatzeko eta irtenbide duin bat lortzeko lanerako prest.
Bigarren bileran marra gorria jarri zuten: ez dute topoa lurperatzea ez den beste alternatibarik onartuko.
ETSko arduradunekin egindako bileraren berri eman zuten lehenik eta behin Galtzarabordako, Erdialdeko eta Fanderiako auzo elkarteetako ordezkariek. Giro atsegin eta abegikorrean izan zirela esan zuten, «entzuteko prest ziren eta ez diote ezetz biribilik eman gure proposamenei. Jarrera hori, beraz, garrantzitsua da».
Herritarrek ez zuten ETSk Topoa integratzeko egina zuen planteamenduaren gaineko inongo berririk, ez zuzenean behintzat, eta lehen egitekoa hori izan zela azaldu zuten auzo elkarteetako ordezkariek, «haiei galdetzea zein proposamen duten beraiek gure herriarentzat Topoaren bueltan».
Galtzarabordan nahikoa aurreratuta daude gauzak duela bi urte bizilagunek mobilizazioak, informazio kanpainak, zein bilerak hasi zituztelako euren auzoan ibilbidea estaliko zela bermatzeko. Lanketa handia egin dute, baita lortu eskaeretako asko ere, baina ez denak, ordea. Izan ere, geltokiaren zatia ez da momentuz estalita azaltzen, eta hori borrokatzen ari dira orain.

Auzo elkarteek etxebizitzetatik topora arteko distantzia neurtu dute.
Topoak Erdialdean barrena egiten duen ibilbidea «gordiar korapiloa» dela diote: «Galtzaraborda eta Gaztaño pasa arteko 900 metroak. ETSk azaldu zigun gaur egun dagoen azpiegituraren bideragarritasun plana egitea aurreikusia zutela eremu horretarako». Azpiegitura horrek 100 urtetik gora ditu, eta denbora horretan moldaketak egin bazaizkio ere, «ez dute argi Topoaren maiztasuna handituta arazorik ez ote duen emango». Auzo elkarteetako ordezkariek, Maria Lezo eta Morrongilleta kaleetako zubibideak eta tartean diren tunelak direla kezka horren iturri azaldu zuten.
Erdialdea eta Gaztaño arteko pasabidea ezabatzea, berriz, derrigorrezko kontua da. Legez ezabatu behar dute pasabide hori segurtasuna bermatzeko. Horretarako, geltoki berria egitea planteatzen duela ETSk azaldu zuten, «estazioa altueran egitea eta autoentzat, oinezkoentzat eta elbarrientzat irteera egokiak bermatzea».
Fanderia auzoaren kasuan, berriz, ETSk aurten eraiki nahi duen argindar azpiestazio berria da kezka iturri bizilagunentzat; topoen trakziorako ezinbesteko azpiegitura den horren kokapenak egonezina eragin die, «bizilagunen proposamenak entzuteko prest azaldu ziren bileran».
Geltokiraino estaltzeko eskaera
ETSrenak entzunda, auzo elkarteetako ordezkarien proposamenak aurkezteko unea heldu zen. Galtzarabordarako proposamena aurkeztu zuten lehenik, eta horretarako atzera begira jarri zen auzo horretako ordezkaria: «Lehen informazioa Herrerako geltoki berria eraikitzen hasi zirenean izan genuen. Orduko proiektuan agindu ziguten Herrera eta Galtzarabordako lerroa geltokia estalita bukatuko zutela. 2022an lanak hasi zituztenean ohartu ginen ez zela estalita geldituko». Ezusteko galanta hartu zuten, ez baitzuten inongo informaziorik, planoak ikusi zituzten arte: «Lanak hasi arte geltokia eta Topoa bera estalita gelditzen ziren zuhaitz mordoa zegoelako, baina lanak eginda, Galtzaraborda eta Alaberga arteko ibarra erabat txikitu eta hormigoiz beteko zuten; zuhaitzak kenduta zarata askoz handiagoa izango zen, gure bizi kalitatea gehiago okertuz oraindik».
ETSrekin harremanetan jarri ziren 2023ko urrian eta haiek baieztatu zieten, agerian egingo zuela ibilbidea Topoak Galtzarabordatik barrena. Hortik aurrera bide instituzionala hasi zuten ETSrekin eta udalarekin, baita mobilizazioen bideari ekin ere, gertatzen zenaren berri emateko bizilagunei. Sinadura bilketak, pankartak, hitzaldiak… «gure eskaera eta proposamena argia izan da eta bera beti, erabat estaltzea Topoaren ibilbidea zubitik hasi eta tren geltokiraino. Halaber, tunel zaharra bidegorri egitea, eta kale igogailu bat jartzea ere eskatu genuen». ETSk egindako lanen lizitazioa partziala izan da, tunel berritik kiroldegirainokoa, eta geltokiaren eremua horren arabera, estali gabe gelditzen dela ohartu dira bizilagunak, eta geltokia dagoen lekuan geldituko dela. Poz erdia izan da, beraz, auzotarrentzat, «eskatutako guztia ez dugu lortu, zati bat baino ez».
Hori horrela, eskaera egin zioten berriro ETSri pasa den urtarrilaren 13ko bilera horretan. «Gaia aztertzen ari dela erantzun ziguten, ezin digutela agindu ezer, kolektoreak, drainatzeak direla eremu horretan eta horiek zailtasun teknikoak eragiten dituztela noraino eta nola eraiki daitekeen erabakitzeko garaian. Planoak eman zain gaude, ikusteko zer den egingarria eta zer ez».
Matazaren korapiloa, Erdigunea
Topoaren ibilbidearen barruan korapilatsuena Erdialdeko ibilbidea da, Galtzarabordatik Gaztainora arteko 900 trenbide metroak. Maiztasunaren bikoizketa ez dela egingarria zati horretan esan dute bizilagunek: «Herritarrek ezingo dugu hori jasan, eta Osasunaren Mundu Erakundeak zarataren gainean dionari heldu diogu, zaratak bizilagunei eragiten dien kaltearekin maiztasuna 7 minutu eta erdira igotzea gaur egun dagoen azpiegiturarekin ez da bideragarria».
Informazio gehiago bildu dute auzo elkarteek, eta Topoak bere ibilbidean etxebizitzak zein distantziara dituen jaso dute, auzoz auzo, kalez kale (ondoko koadroan datuak); gertuen dauden etxebizitzak trenbidea bi metrora dute, hirura, laura… ondo-ondoan. Hori horrela, auzo elkarteek Erdialderako topoarentzat duten proposamena azaldu zuten: lurperatzea. Batzarrera bildutako bizilagunek txaloekin hartu zuten proposamen hori: «Inongo unetan ez ziguten ezetz biribilik erantzun, ulertu zuten esan geniena. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan milioika eurotako inbertsioak egin izan dituzte geltokiak eta trenbideak lurperatzeko, eta gure herriak ere merezi du». Aurreko bileran esan zuten, eta joan den astekoan errepikatu: «Ez gara bigarren mailakoak».
Puntu horretan gogora ekarri zuten auzo elkarteetako ordezkariek Errenteriako Udaleko plenoak topoaren lurperatzearen aldeko mozioa onartu zuela —2015eko azaroko saioan izan zen hori, eta aho batez onartu zuten alderdi guztiek—, «auzo elkarte guztiak bat gatoz eskaera horrekin». Argi esan zuten, Erdialderako egin duten proposamen hori da onartuko duten bakarra, marra gorria jarri dute horretan: «Ez dugu onartuko Galtzaraborda eta Gaztaño pasa arteko topoaren lurperatzea ez den beste alternatibarik. Ez dugu adabakirik ez lardaskeriarik onartuko. ETSren erantzuna, berriz, azterketa egiteko prest dagoela izan zen. Bileran hala kontatu ahal genuen galdetuta, baiezkoa eman ziguten, Galtzaraborda eta Gaztaño arteko lurperatzearen gaineko azterketa egiteko konpromisoa hartu dutela».
Azterlan horri diru zatia ere jarri zioten urtarrileko bileran, gutxi gorabeherakoa, «300 eta 500 mila euro artekoa izan daitekeela kostua esan zuten, eta lurperatze proiektuaren exekuzioaren gaineko datu bat ere eman zuten: 5 urte inguru beharko liratekeela lanak egiteko».
Auzo elkarteetako ordezkariek garbi utzi zuten hori dela irtenbide bakarra, «bizilagunok hori nahi dugu, baita auzo elkarteek eta udalak ere. Topoa lurperatzea nahi dugu, eta horren alde mobilizatuko gara».
Azpiestazioa ez dute gertu nahi
Fanderia eta inguruan diren auzoak ere izan zituzten eztabaidagai ETSrekin izandako bileran. Izan ere, behin eta berriz esan dute auzotarrek Topoa Errenteria-Oreretan integratzeko kalitatezko irtenbide integral eta duina nahi dutela, eta ez dutela bestelakorik onartuko.
Gabierrota eta Fanderiako bizilagunak ugaritan kexatu direla Topoaren soinuagatik azaldu zuten, «esajeratua da egiten duen zarata eta harriz landuko dutela erantzun digute». Agustinak eta Fanderia bukaeraraino pantailak jartzeko asmoa azaldu zien ETSk. «Baina gure ustez zaratak goraka egingo du eta Agustinak, Markola, eta Fanderiako bizilagun batzuk arazoa izaten jarraituko dute. Tecnaliarekin hitz egin eta azterketa egin omen duela azaldu ziguten, eta material eta forma berezia duen markesina batekin arazoa konpondu dutela Eibarren, adibidez».
Zarata arazo dute, baina ETSk auzoan jarri nahi duen azpiestazioak biziki kezkatuta ditu, haren kokapena etxeetatik gertu aurreikusi dutelako eta lan horiek aurten hasiko dituelako. Leku aldaketa edota lurpekoa egitea ere proposatu dute bizilagunek; bigarrena ezinezkoa omen dela erantzun diete. Fanderia eta Agustinak auzoen artean nahi du eraiki azpiestazio hori ETSk, Erramun Astibia kaleko etxeetatik 29 metrora, eta Fanderiakoetatik 44 metrora: sei kokapen ezberdin aztertuta, egokia den bakarra omen da hori. Bilera egingo dute Fanderiako auzo elkarteak deituta bizilagunek egoera aztertu eta alternatibak bilatzeko.
ETS eta udalaren arteko protokoloa
Lorpenen zakuan beste alderdi bat sartu dute auzo elkarteek. Izan ere, udalaren eta ETSren arteko elkarlan protokoloa berrartzea «ezinbestekoa» jo dute, eta pozik azaldu ziren Euskal Trenbide Sarea udalarekin harremanetan jarri dela jakin dutelako: «Topoa lurperatzearekin jarraituko dugu lanean eta bide horretan elkarlan hori bi erakundeen artean berrartzea garrantzitsua da, bermatzen duelako udalak proiektuak zertan diren ezagutu eta gurekin partekatzea». ETS Errenteriako Udalarekin biltzen denean, auzo elkarteek bilera eskatuko diote udalari informazioa jaso eta jakiteko zein proposamen jarri duen mahai gainean Topoaren ardura duen erakunde publikoak, «ikusiko dugu orduan Topoa lur azpira eramatea proposatzen duten, eta hala bada, zein lurperatze mota proposatzen duten».
Berriro errepikatu zuten: «Ez dugu beste alternatibarik onartuko eta horrela esan diogu ETSri. Bada garaia behar den moduko obra egiteko, bizilagunak irabazle izango diren proiektua, espazio handiagoa emango diona herriari, hori delako, benetan, Topoarentzat aterabide integrala. Mahai gainean dago gaia».
Bilerara gerturatutako askok hartu zuten hitza, kezkak adierazi, edota desadostasunak, eta zalantzak argitzeko asmoz… eta guztiek eskerrak eman zizkieten auzo elkartetako ordezkariei herriaren alde egiten ari diren lanarengatik. Auzo elkarteetatik eskaera zuzena egin zieten bilerara bertaratutakoei, baita gainontzeko herritarrei ere: «Adi egotea dagokigu orain, gainean izatea eta Topoaren bueltan hartzen diren erabakiak ezagutzea. Finean, konpromisoak lortu baditugu ere, gainean egon behar dugulako, presioa egitea dagokigulako gure proposamena, topoaren lurperatzea, egingo dela bermatzeko».
Bide onetik doazela sinistuta azaldu ziren, «herritarrek nahi dutena ordezkatzen ari garelako. Honaino iristeko ezinbestekoa da auzotar guztien babesa, eta aurrerantzean ere hala izango da. Batera joan behar dugu herritarrontzat eta gure herriarentzat kalitatezkoa, duina eta integrala den aterabide bat lortzeko».
Abenduan egindako batzar jendetsuaren irudiak izan duela gaur egungo agertokira heltzeko zerikusirik sinistuta azaldu ziren; joan den astekoa bide beretik joan zen, hamabi auzo elkarteren lanari hauspoa eman eta aitortza egin baitiote. Hori horrela, orain artean emandako erantzuna mantentzera deitu zuten gaiaren bueltan antolatuko direnetan. Herria eta herritarrak erdigunean kokatuta, marra gorria jarri dute eta ez du atzerako bueltarik: Topoa lurperatzea.
