Pasaia Itsas Festibalak alderdi solidarioa indartu du
Jaialdiak Zaporeak eta Itsas Salbamendu Humanitarioa erakundeekin duen lankidetza berritu du. Bide horretan, herritarrei irekitako topaketa bat antolatu dute hilaren 17an San Pedroko lonjan, 18:30ean.
Datorren asteartean (hilaren 17an) Pasaia Itsas Festibalak laugarren ekitaldiaren alderdi solidarioena ezagutaraziko du herritarrei irekitako topaketa batean. Saioa San Pedroko lonjan izango da, 18:30ean. Ondoren, 19:00etan, mahai inguru bat egingo dute. Jaialdiak “elkartasunarekin eta lankidetzarekin duen konpromisoa indartu” nahi duela adierazi du, “tresna horiek funtsezkoak baitira hainbat eremutako eragileen artean sinergiak sortzeko eta kulturaren, ingurumenaren eta humanitatearen arloetan egitasmo berriak bultzatzeko”.
Bide horretan, Pasaia Itsas Festibalak Zaporeak eta Itsas Salbamendu Humanitarioa (ISH) erakundeekin duen lankidetza berritu du. Bi elkarteek maiatzaren 14tik 17ra bitartean egingo den jaialdiarekin bat egingo dute, eta astearteko solasaldian hartuko dute parte. Helena Ruiz de Azua Zaporeak-eko komunikazio arduraduna eta Amaia Iguaran ISHko presidenteordea San Pedron izango dira, Xabier Agote Albaolako presidente eta festibalaren zuzendariarekin, Teo Alberro Pasaiako alkatea eta festibaleko presidentearekin eta Maria de Frutos Pasaiako Udaleko Migrazio eta Aniztasun teknikariarekin batera.
Zaporeak-ek Pasaia Itsas Festibaleko jangela solidarioa kudeatuko du, eta bertan otorduak emango dizkie festibalean izango diren tripulazioei. Helburu bikoitzarekin arituko da Zaporeak Pasaian: “Eskifaiako kideei kalitatezko proposamen gastronomiko baten inguruko esperientziak partekatzeko topagune bat eskaintzea, eta dirua biltzea Greziako Lesbos uharteko errefuxiatuen eremuetan lan humanitarioa egiten jarraitzeko”.
Bestalde, ISH Aita Mari ontziarekin izango da festibalean. Aita Mari laguntza ontzi bihurtu den atunontzia da, eta Pasaian porturatuko da “herritarrak sentsibilizatzeko milaka pertsonak egunero itsasoan bizitzen ari diren errealitatea ikusaraziz”. Itsasontzia bisitatu ahal izango da festibalaren egunetan.

