Berdinketa EPLErentzat
Mikel Aranguren Euskal Selekzioarekin da San Frantziskon (AEB Ameriketako Estatu Batuetan) bertako Euskal Etxearen 44. urteurrenaren harira.
Euskal Selekzioaren ordezkariak, Mikel Aranguren tartean, (goian zutik bigarrena).Euskadiko Euskal Pilota Federakuntza Batean kale, bestean bale. Berdinketa asteburuan EPLEko pilotarentzat Euskal Ligan, etxean jokatutako partidetan. Garaipena etxean gelditu zen, eta bestea Bikzaiko Kurenerentzat izan zen. Ostiralean izan ziren partidak, giroak gainezka egin zuen Agustina Otaola pilotalekuan. aurrez aurre, EPLE eta Kurene. Larruzko Paletan, Eskisabel eta Rubenek ez zuten irabazterik lortu 13-15, 15-14, eta 9-10 partzialekin. Markagailua ikusita, partidu gogorra, luzea oso, pilotakada askokoa eta oso maila altukoa; ordu eta erditik gorakoa izan zen, eta edozeinek izan zuen irabaztea. Azkenean Bizkaitarrek jarri zuten balantza euren alde.
Pala motzean, bestelakoa izan zen egoera. Azkar batean garaitu zituzten Eiheramendi eta Abelek aurkariak 15-6, eta 15-8ko partzialak eginda. Bikain aritu ziren etxekoak kantxan, jokaldi guztiekin asmatuta eta abiadura bizian.
Datorren ostiralean Iruñea izango du geltoki. Bertan jokatuko dute txapelketako zazpigarren eta azken jardunaldia. Aurrez aurre Donibane kluba, sailkapen nagusian bigarren postuan dena.
EPLE San Frantziskon
EPLE eta bertan ari diren pilotariak erreferente bihurtzen ari diren zalantzarik ez da. Emaitzetan bikain ari dira. Hori adibide bat, beste bat, kirol elkarteko Mikel Aranguren esku huskako pilotaria Euskal Selekzioarekin batera dela San Frantziskon (Ameriketako Estatu Batuak). Euskal Etxearen 44. urteurrenaren harira da Euskal Selekzioa han, eta Arangurenek Kepa Albizu, Iker Egiguren eta Ander Garmendia esku huskako pilotariekin, eta zesta puntan ari diren Elaia Gogenola eta Maialen Aldazabalekin batera osatu du taldea. EPLE pozik azaldu da, “sari polita da Arangurenentzat eta EPLErentzat urratsa aurrera da hainbat modalitateetan sendotzeko”.
