"PSE-EE ez da Gaztañoko auzo elkartearekin harremanetan jarri proiektua aurkezteko"
Haserre daude Gaztañoko bizilagunak Topoko kotxetegietan etxebizitzak eraikitzeko proiektuarekin. Haien iritzia hartu ez izana eta "egia ez diren argudioak" erabiltzea egotzi diote alderdi sozialistari.
Gaztaño auzo lokalean egingo dituzte ekintzak. Haserre. Horrela azaldu da Gaztañoko Auzo Elkartea. Arrazoia, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailak kotxetegietan etxebizitzak egiteko aurkeztu zuen proiektua. Topoaren kotxetegietan 200 etxebizitza publiko eraikitzea proposatu zuen Eusko Jaurlaritzak joan den abenduaren 17an. Eragiketarako 33 milioi euro aurreikusi zituen Etxebizitza eta Hiri Agendako sailak; 200 alokairuko etxebizitza babesturen sustapena da proposatu zuena.
Pasa den abendu bukaeran oharra zabaldu zuen Gaztañoko Auzo Elkarteak proiektuaren bueltan balorazioa eginez, eta argi azaldu ez zutela kotxetegietako eremu hori egoki ikusten etxebizitzak eraikitzeko. Gogor salatu zuen gainera elkarte horrek Eusko Jaurlaritzak proiektua bizilagunak inondik inora ere kontuan hartu gabe egin duela. Kexu ere proiektua zabaltzeko Jaurlaritzak erabili duen moduagatik, “prentsa argitalpen bidez egin du eta erabat desegokia iruditzen zaigu. Ez Eusko Jaurlaritza ez herriko PSE-EE ere ez dira inongo momentuan auzo elkartearekin harremanetan jarri”.
Bi hilabete ez badira igaro ere, proiektu horrekin lotutako esku orriak jaso dituztela bizilagunek buzoietan azaldu du auzo elkarteak, “bertan, Isaac Palencia PSE-EEko herriko zerrendaburua eta Denis Itxaso Etxebizitza kontseilaria ageri dira EH Bilduri etxebizitza krisi betean 33 milioiko proiektua blokeatzea egotziz”.
Berriro salatu du auzo elkarteak PSE-EE ez dela eurekin harremanetan jarri proiektua aurkezteko, “ezta beste ezertarako ere”. Eskaera argia egin du, gainera, proiektua “benetakoa” bada auzoari azaltzea, “Gaztañon eragin bortitza izango baitu. Gaztañon, auzoan eragin zuzena duten gaiak batzarrean bozkatzen ditugu eta kotxetegien berrerabilera proiektuak ere. Garaia iristen denean, Gaztañoko batzarraren oniritzia beharko du”.
Esku orria “egia ez diren” argudioz “josirik” dagoela-eta “propaganda orritzat” jo du eta larritasun betea duen etxebizitzaren gaia “joko politiko zikina” egiteko baliatzea egotzi dio. Gogorra ekarri du gainera, udal teknikariek egindako txostenaren arabera kotxetegietako lur sailak ez direla etxebizitza eraikuntzarako egokiak. Udal gobernuak ez du proiektua blokeatu, kokapen alternatiboa eskaini du”.
Beste eskaera bat ere egin dio auzo elkarteak alderdi sozialistari, “gai honekin bazterrak nahasteari utz diezaion eskatzen diogu”
