EMKE Musika Bandaren kontzertua igandean
Denboraldi berriaren aurkezpena egin du EMKEk; aurtengo bigarren kontzertua egingo du igandean.
Denboraldiko bigarren emanaldia egingo du EMKEren Musika Bandak igandean, hilak 22. Koldo Mitxelena ikastetxearen jolastoki estalian izango da emanaldia, 12:30ean. Alain Aierdi Gurpegik zuzenduko du banda. Kontzertua Angel Brizek Lantzeko ihauteriak abestiaren doinuei egindako moldaketarekin hasiko da eta bukatu berriz, Steven Reineke konpositorearen Pilatus: The montain of dragons lanarekin.
Igandeko kontzertuaren berri emateaz gain, denboraldi berriko ardatz nagusiak azaldu dituzte EMKEren arduradunek, “kontzertu gorenak izango ditugu esku artean, Errenteriako musika bandak gaur egun duen kalitatearen eta lan onaren adierazle argia”. Hilaren 22ko kontzertuaren ostean, Disko Band makro jaialdiak hartuko du emanaldien lekukoa. Martxoaren 14an izango da hori, eta sarrerak salgai daude jada (klik hemen).
Zaharrak Berri eta Gure Bakarlariak ziklo ibiltariek ere izango dute lekua aurtengo egitarauaren barruan, “proposamen interesgarriekin”, hala nola ekaineko perkusio kontzertua eta Atlantikaldiaren aurtengo ediziorako proposamena. Ekainean, Errenteriako Musika Bandak ateak irekiko dizkio gainera, Herri Arte Eskolako Bandari, elkarrekin kontzertu bat emateko. Iniziatiba horren bidez ikasle gazteen lana sustatu nahi duela azaldu du EMKEk eta esperientzia handiko musikariekin batera entsegu eta kontzertu dinamikak erakutsi .
Urria ere oso proposamen bereziarekin helduko omen da, “Mexiko, Brasil edota Kubako konpositore handien lanak bilduko dituen kontzertua, bizitasun erritmiko handiko kontzertu koloretsua”.
Denboraldiaren azken zatian, berriz, erreferentea diren Santa Zeziliako eta Gabonetako kontzertuak eskainiko ditu bandak.
Helburu orokorrei dagokienez euskal konpositoreen lanaren berreskuratze historikoan sakontzen jarraituko duela azaldu dute, “partiturak berreskuratuz, aurkeztuz, programatuz eta estreinatuz. Gure musikarien eta musikagileen ekoizpena sustatzea eta balioestea, entzuleei aurkezteko aukerak bultzatuz eta sortuz, Gure Bakarlariak ziklo ibiltaria oinarri hartuta”. Beste helburu bat, garrantzitsua ere, proposamen eszenikoak berritzeko prozesuak garatzen jarraitzea.
Datorren igandeko kontzertua hizpide izan dute bukatzeko. Alain Ayerdi Gurpegi zuzendariak musika proposamen interesgarri eta eklektiko baten bidez gidatuko dituela entzuleak adierazi dute: Angel Brizen Lantzeko Ihauteriak, Tomas Araguesen Suite Clasica, Klaus Badelten Piratas del Caribe soinu-banda eta Steven Reineke konpositore estatubatuarraren Pilatus: Mountain of Dragons ikusgarria joko dituzte.
