Lanuztea, Papresan
Gaurkoa lehen elkarretaratzea izan da, baina datozen egunetan ere egingo dituzte. 20an, 24an eta 27an, 12:00etatik 16:00etara.
Papresako langileen lehenengo lanuzteaLAB sindikatua Papresako zuzendaritzak enpresaren salmenta, makina produktibo baten gelditzea eta 110 langileri eragingo liekeen Enplegu Erregulazio Espedientea aplikatzea aztertzen ari dela-eta, lanuzteak antolatu dituzte langileek datozen egunetarako. Gaur egin dute protesta horietako lehena.
Onartezintzat jo du langile batzordeak —LAB, ESK, ELA eta CCOO sindikatuek osatzen dute— langileei jakinarazi aurretik prentsa bidez zabaldu izana enpresak informazio hori. Urtarrilaren 17an prentsan argitaratu zuten salmenta, makina produktibo baten gelditzea eta 110 langileri eragingo liekeen Enplegu Erregulazio Espedientea aplikatzea aztertzen ari zela enpresaren zuzendaritza.
Produkzioa eta enplegua arriskuan jartzen dituen neurri oro arbuiatu dute, eta horrenbestez, halakoak baztertzea exijitu dute, “ezin baitugu onartu EEE bat erabiltzea salerosketa eragiketa bat egiteko aurretiazko baldintza gisa”. Espedientea zabaldu duten sekzioen errentagarritasun erreala babestu du gainera, batzordeak, eta enpresaren egoera sektorearen testuinguruaren ondorio baino, egungo zuzendaritzaren erabaki “estrategiko okerren” emaitza dela jarri du nabarmen: “Irmotasunez aldarrikatzen dugu prentsa paperaren eta paper hobetuaren banaketak, bilgarrirako papera barne, errentagarriak direla. Ezkutuko desindustrializaziorik ez dugu onartuko”.
Hala, produkzio osoa mantentzea galdegin du enpresa batzordeak, baita lanpostu guztiak ere, eta paper fabrikaren etorkizuna bere osotasunean bermatuko duen industria plana ontzeko.
Gaurkoa lehen elkarretaratzea izan da, baina datozen egunetan ere egingo dituzte. 20an, 24an eta 27an, 12:00etatik 16:00etara.
