Ibaiondotik, hilaren 27an
Ibaiondo etxeko gastuei aurre egiteko festa egingo dute otsaileko azken ostiralean. Kantu afarirako txartelak, Tiñelun salgai.
Herriari zabalik den gunea da Ibaiondo Etxea. Egun, era iraunkorrean 11 eragilek erabiltzen dute, eta beste asko dira tarteka erabiltzen dutenak. Beti doan. Etxearen arduradunek, baina, zehaztu dute gastu arruntak dituela Ibaiondok, edozein etxek bezala. Gastu finkoak (argia, ura…) eta mantenu nahiz konponketa arlokoak ere bai. Bada azken horiei aurre egiteko lezoar orori zabalik izango den iniziatiba antolatu dute bigarrenez hilaren 27rako (ostirala): Ibaiondotik.
Festaren muina kantu afari bat izango da. Hilaren 27ko 21:15ean hasiko da, eta txartelak Tiñelu elkartean jarriko dituzte salgai bihartik (hilak 18, asteazkena) aurrera 25 euroan. Afariari musika Andoni Ollokiegi sanjuandarrak jarriko dio; afariko menua, honakoa: arrain zopa, oilasko izter betea patata purearekin, eta euskal pastela. Bertatik aterako den dirua etxearen gastu arruntak ordaintzera bideratuko dira.
Ibaiondo
1997ko apirilean erosi zuen Tiñelu elkarteak Ibaiondo, “lan politikoa egiteko eta Lezoko herrigintzari espazio bat eskaintzeko”, jakinarazi dute Tiñeluko kideek. Erosi ondoren, konpondu eta txukundu egin zen. “Baina 2002. urtean, 35/02 sumarioaren barruan, Baltasar Garzon epailearen aginduz urte luzetako enbargoa etorri zen. Etxea geldialdi egoeran geratu zen orduan”.
2021. urtera joan behar da Ibaiondoren herri berrerabileraren aro berria ezagutzeko. Orduko hartan gelditu zen Tiñelu elkartea prozesu judizial hartatik kanpo, eta 1997an hasitako bideari berrekitea erabaki zuen orduan elkarteak: erabaki horren lehen ondorioa izan zen etxea auzolanean barrutik eta kanpotik berritzea, eta horrekin batera funtzionamendua antolatzea. Esan bezala, egun, modu jarraian herriko 11 eragilek erabiltzen dituzte etxeko aretoak, eta ekitaldi txiki asko ere egiten dira: batzarrak, bertso eskolak, hitzaldiak, herri bazkari-afariak, ikasketa gelak daude, musika emanaldiak, soinketa saioak, musika taldeen entseguak…
Herriari zabalik da etxea. Horregatik, erabili nahi duenak eskaera bidali behar du Tiñeluren webgunearen bitartez.
