Bizilagunen lanak izan du fruitua
Galtzarabordan estalita egingo du bidea Topoak, auzotarrentzako trenbide gaineko espazio handi-zabala irabazita, hiru kale igogailu berrirekin irisgarritasuna hobetzeko, eta emergentzietako ibilgailuen sarbidea bermatuta. Bizilagunen lana izan da gakoa.
Galtzaraborda eta Alabergako auzo elkarteko kideak, Aizpea Otaegi alkatea, eta Eneko del Amo (EH Bildu) eta Yolanda Martin (Elkarrekin Errenteria) Lortu dute. Galtzarabordan estalita egingo du bidea Topoak, auzotarrentzako trenbide gaineko espazio handi-zabala irabazita, hiru kale igogailu berrirekin irisgarritasuna hobetzeko, eta emergentzietako ibilgailuen sarbidea bermatuta. Errenteria-Orereta eta Pasaia lotuko dituen bidegorri berria ere izango da: Topoaren tunel zaharra baliatuko du ETS-k horretarako. Lorpen horren atzean, ezin bestela, bizilagunak; haien lana, mobilizazioa eta auzoarekiko konpromisoa.
Atzo arratsaldean agerraldia egin zuten Galtzaraborda eta Alabergako auzo elkarteetako hainbat ordezkarik, beste hainbeste bizilagunek lagunduta, Aizpea Otaegi alkatearekin eta Eneko del Amo (EH Bildu) eta Yolanda Martin (Elkarrekin Errenteria) gobernu taldearen ordezkari gisa. Guztien balorazioa, positiboa, auzoak eskatutako eta landutakoa, egi bihurtuko delako.
Udalerriarentzat oso berri onak direla esan zuen alkateak, “oso berri pozgarriak, bereziki Galtzarabordako geltokiaren eremuarentzat”. Ostiralean Errenteriako Udalak eta ETS Euskal Trenbidearen Sareak duten protokoloaren barruan bilera egin zuten bi erakundeek Bilbon eta bertan jakinarazi zion udalari ETSk zein moldaketa txertatzeko asmoa zuen une honetan erredakzioan dagoen proiektuan, “balorazioa ona da hain justu pentsatzen dugulako, moldaketa horiek orain datozenak, bertako bizilagunen eskaerei erantzuten dietenak dira, baita udalak berak ere Bide Berria proiektuaren bidez proposatzen zituenak”.
Funtsean planteatzen dean da eremu guztia estaltzea geltoki zaharreraino, “horrek esan nahi du 3.000 metro koadro inguru irabaziko direla espazio publiko gisa. Gainera, irisgarritasuna hobetze aldera, hiru igogailu proposatzen ditu ETSk eremurako”. Apeadero kalera joango litzateke bat igogailuen ardatza konektatuz geltokiaren bestibulu berriarekin; bestetik Urdaburu kalea eremu berriarekin lotuko lukeena; eta azkenik, Galtzaraborda kiroldegiaren atzealdea Alabergarekin lotuko lukeena. Balorazio positiboa berriro Otaegik: “Proiektuan txertatzen ari dira auzotarrek eta udalak egindako proposamenak, eta gure ustez hau da bide. Hau da, gainontzeko Topoaren tramoen integrazio kalitatezkoa bermatzeko jarraitu beharreko lan eskema: alde batetik bizilagunak entzutea eta esateko daukatena kontuan hartzea, eta bestetik, udalarekin batera protokoloaren baitako lankidetzan jardutea”.
Bizilagunak ere pozik. Fernando Garzon mintzatu zen auzo elkartearen izenean, “Garrantzitsua da aurretik Topoaren bideak apurtua zuen paisaia etorkizunean osatuko dugula jakitea herritar denak gozatu ahal izateko gainera. Bizilagunen ekarpenak aintzat hartu dira eta bestalde, garrantzitsua da esatea, bizilagun horien lan eta konstantziari esker lortu dugula hasierako proiektua iraultzea. Orduan estali gabea zen”.
Egin duten lanak eta izan duten emaitzak auzoa “aktibatzeko” balio dezakeela sinistuta azaldu zen bizilaguna, “baita beste gainontzeko herritarrentzako eredu gisa”. Hori horrela, aitortza eta esker ona adierazi zien 2023tik Topoaren auziaren bueltan lanean, antolatzen, eta jardueretan parte hartzen izan diren bizilagunei. Udalari ere aipamena, “izan ere, ezinbestekoa izan da erakundeen arteko lana, udalaren eskutik ETSrekin protokoloaren bidez eman da, eta egungo gobernu taldeak garrantzi berebizikoa izan da gure eskaerak eta nahiak bete zitezen bermatzeko”. Harago jo zuen Garzonek eta nabarmen jarri bizilagunak lanean hasi zirenetik gobernu taldeak (EH Bildu eta Elkarrekin Errenteriak osatzen dute) esfortzu handia egin dutela, “Galtzarabordako bizilagunen izenean beraz, eskerrak eman nahi dizkiogu eta jasota geratu dadin elkarlan hori”.
