Energia autokontsumo instalazio bateko partaide izateagatik, hobariak
Kunkana Lezoko Energia Berriztagarrien Komunitateak jakinarazi du autokontsumo instalazio bateko partaide diren herritarrek %25 eta %50 arteko hobaria izan dezaketela Lezoko Udalaren Ondasun Higiezinen Zergan.
Lizeoko instalazioa udaberrirako izango dela martxan jakinarazi du Kunkanak.Kunkana Kunkana Lezoko Energia Berriztagarrien Komunitateak jakinarazi du autokontsumo instalazio bateko partaide diren herritarrek %25 eta %50 arteko hobaria izan dezaketela Lezoko Udalaren Ondasun Higiezinen Zergan (IBI), hiru urtez, eskaera onartua izandako urtea barne dela. Instalazioaren amortizazioa laguntzeko bideratua dago laguntza hori. Kunkanak adierazi du aurten jarri duela indarrean udalak laguntza hori, “Kunkanak eta Lezoko Udalak dugun elkarlanaren ondorio izan da hori”, jakinarazi dute energia berriztagarrien komunitateko kideek. Laguntza hori otsailaren bukaerara arte eska daitekeela zehaztu dute.
Horri lotuta, Kunkanak jakinarazi du Pasaia-Lezo Lizeoko instalazio fotovoltaikoa udaberri aldera izango dela martxan. Aurten, autokontsumorako instalazioen hobaria eskatzeko epea otsaila bukatzearekin amaituko denez, herriko instalazio kolektibo horrekin bat egingo duten Kunkanako bazkideek 2027ko hobari deialdia baliatzeko aukera izango dutela zehaztu dute. “Ez galdu aukera! Datozen proiektuetan parte hartzera animatzeko pizgarri oso interesgarria da udalaren hobariena”.
Hobari eskaera Lezoko Udalaren erregistroaren bidez, edo Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitza elektronikoaren bitartez egin daitekeela jakinarazi du Kunkanak. Lezoarrei lana errazteko, udalean aurkeztu behar den inprimakia zabaldu du Lezoko eragileak; hori betetzeaz gainera, beste hainbat agiri aurkeztu behar dituzte interesdunek eskaera osatzeko.
Gaiari buruzko informazio gehiago nahi duenak idatz dezala Kunkanaren posta elektronikora. Aldi berean, egitasmoaren bazkide izateko aukera zabalik dela oroitarazi dute Kunkanakoek.
