Auzoetako jaietako diru laguntzen muga ezabatzea eskatu du PSE-EEk
Auzoetarako jaietako diru laguntza 2.500 eurora mugatu duela aurten esan du alderdi sozialistak, eta "murrizketa estalitzat" jo du.
Aurten auzoetako jaietarako diru laguntzak 2.500 eurora mugatu dituela udalak esan du PSE-EEk eta erabaki horrekin desadostasuna azaldu du, “murrizketa estalia da eta auzoetako kulturgintzari eta jai batzordeei eragiten dien erabaki ezegokia “. Hori horrela, erabakia bertan behera uztea eskatu dio udalari.
Datu gehiago eman ditu alderdi horrek: “Une honetan 11 auzo dira jaiak antolatzen dituztenak eta gehienez ere 2.500 euro jasota ez litzateke gastatuko horretara bideratutako 39.000 euroko diru zatia”. Diru kopuru hori ez dela nahikoa ere esan du, eta auzoetako jaietako diru laguntzetara bideratutako diru zatia 30.000 euroan handitzea proposatu zuela aurrekontua prestatzerakoan ekarri du gogora, “auzoetako jaiek duten pisua aintzat hartuta eta komunitatean duten eragina ikusita beharrezkoa iruditzen zaigu”.
Hori horrela, muga ezabatzea eskatu du alderdi sozialistak, lerro horretara bideratutako aurrekontua osotasunean inbertitzea, eta elkarteekin prozesua zabaltzea oinarriak behin betiko onartu aurretik.
