Errenteriako familia baten etxe kaleratzea eragozteko elkarretaratzera deitu dute
Zaurgarritasun egoeran dagoen familiak iazko uztailaren 15erako zuen kaleratze data, baina herritarren presioak eta alkatearen esku hartzeak bankuak behin behinean bertan behera uztea ekarri zuen; Caixabankek beste kaleratze egun bat eskatu du orain eta martxoaren 5a ezarri du epaileak.
Donostian egin dute etxegabetzeak salatzeko elkarretaratzea gaur goizean. Herritarren presioak eta Errenteriako alkatearen esku hartzeak Caixabank hartzekodunaren etxe kaleratze bat bertan behera gelditzea ekarri zuen joan den uztailean. Kaltetua, Errenteria-Oreretako familia zaurgarri bat da eta tartean, 12 urteko adingabea dago. Familiak etxegabetzeen aurkako urtarrilaren 28ko 1/2025 Dekretuan araututako etxegabetzearen etetea luzatzeko eskatu zuen. Kaleratzeak Stop plataformak nabarmen jarri du dekretu horrek iazko abenduaren 31ra arte eteten zituela dokumentatutako egoera zaurgarrian ziren etxe kaleratzeak.
Errenteria-Oreretako familia horren kasuan, udalerriko gizarte zerbitzuen txostenak egiaztatzen du zaurgarritasun hori.
Ez zen baina agiri hori nahikoa izan Donostiako Lehen Auzialdiko 5. zenbakiko auzitegiko epailearentzat, ez zuen onartu, familiako kideetako bati egotzi baitzion NANik gabe bere izen-abizenekin erregistratutako hainbat jabetza izatea Espainian. Hori horrela, joan den urteko uztailaren 15erako ezarri zuen etxe kaleratze data. Ez zen orduan gauzatu, herritarren presioak eta Aizpea Otaegi alkatearen esku hartzeak saihestea lortu baitzuten, eta bankuak hiru hilabetez bertan behera utzi zuen Kaleratzeak Stop plataformak jakinarazi duenaren arabera. une hartan, epaileak atzera bota zuen Probintzia Auzitegian jarritako berraztertze errekurtsoa.
Kexa errekurtsoa jarri zitzaion auzitegi horri plataformak adierazi duenez, baita Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jo defentsa gabeziagatik ere, “kexa errekurtsoa ezetsi egin du epaitegiak, baina Espainiako Auzitegi Kontsituzionalean aurkeztutakoa onartuta dago izapidetzeko, eta ebatzi zain”. Caixabank hartzekodunak beste kaleratze egun bat eskatu eta epaileak martxoaren 5erako ezarri duela jakinarazi dute plataformatik. Eskaera garbia egin dio Kaleratzeak Stopek banketxeari, “bere esku dituen legezko baliabide guztiak erabil ditzala 5 zenbakiko Epaitegiak bere jardunarekin bideratu duen bidegabeko utzarazpen hau bertan behera uzteko”.
Datuak eman ditu plataformak, “Caixabank edukitzaile handiak aparteko mozkinak lortu ditu hirugarren urtez segidan”.
Etxe kaleratze agindua jaso duen familiaren zaurgarritasun egoera “ondo baino hobeto” ezagutzen duela esan du Kaleratzeak Stop plataformak, “etxegabetzeen aurkako dekretuei atxikita dago duela zenbait urtetik eta hainbat epailek utzi dute bertan behera aurretik familiaren kaleratzea. Caixabankek, badaki hortaz, egungo epaileak ez dituen jabetzak izatea egotzi diola familia kide bati, eta irizpide injustu hori ari da baliatzen”. Hori horrela, etxe kaleratzea bertan behera uztea exijitu dute gutxienez aurtengo abenduaren 31 arte. Hala ez bada, ohartarazpena ere egin du, “bertan behera uzten ez badute, herritarrak mobilizatzeko beharrezkoak diren baliabide guztiak erabiliko ditu kaleratzea fisikoki eragozteko”.
Lehen deialdia bihar, ostirala, egin du plataformak. Elkarretaratzea eta prentsa agerraldia egingo du 11:00etan Caixabanken Donostiako egoitzaren aurrean —Askatasunaren hiribidea 17-19—. Bertaratzeko deia egin dute.
