Ander Iñarra eta Iratxe Etxegoien, garaile XII. Lezo-Jaizkibelen
Ander Iñarra (01:05:53) eta Iratxe Etxegoien (01:26:30) etxeko lasterkariak gailendu dira Xoxolur Mendi Klubak antolatzen duen mendi proban.
Gaur Lezoko Xoxolur Mendi Klubak antolatzen duen Lezo-Jaizkibel mendi lasterketaren XII. ekitaldia jokatu da. Eguraldia lagun, jende mordoa gerturatu da lasterketako hainbat puntutara eta Gurutze Santuaren plazako helmugara lasterkariei sostengua ematera eta lasterketaz gozatzera. Gaur inoiz baino lezoar gehiagok hartu dute parte, 106 herritarrek zehazki, eta garaileak ere etxekoak izan dira.
Gizonetan Ander Iñarra Olaziregi izan da azkarrena 01:05:53ko denborarekin. Lezoarra jaun eta jabe izan da etxeko lasterketan eta bere zazpigarren Lezo-Jaizkibel irabazi du. Iñarrak ez du 2019an ezarritako errekorra hautsi (01:04:03), baina iazko marka ia minutu batean jaitsi du. Bigarren eta hirugarren Odriozola Ibarguren anai oiartzuarrak sailkatu dira: Mattin eta Ibon. Bigarren Mattin izan da (01:07:30) eta hirugarren Ibon (01:07:52). Mattin iaz hirugarren izan zen, eta podiumean koska bat gora egin du aurten, iazko marka minutu batean onduz.
Emakumeen podiumean hainbatetan izan ondoren, Iratxe Etxegoien Errandonea lezoarrak bere lehen Lezo-Jaizkibel irabazi du (01:26:30). Lehia estua izan du bigarren izan den Leire Urritegi Getaria oiartzuarrarekin (01:27:13), baina Errandoneak bere egin du etxeko lasterketa. Errandonearekin eta Urritegirekin batera, Oarso Bidasoko beste emakume bat igo da podiumera: Amets Maiztegi Landa hondarribiarra (01:31:57). Hortaz, Oarso Bidasoko eta bereziki Lezoko lasterkariak izan dira nagusi, lehen hiru gizon eta emakumeak eskualdekoak izan baitira.
Izen horiez guztiez gain, protagonista nagusiak Ander Iñarra eta Iratxe Errandonea lezoarrak izan dira, hirutan igo baitira Gurutze Santuaren plazako podiumera. Biek ala biek lasterketa irabazi dute, eta lezoar onenak izan dira. Iñarra, gainera, su ebakiko gizon azkarrena izan da (09:54), iazko marka sei segundotan hobetuz. Emakume azkarrena su ebakian Leire Urritegi izan da (13:53). Iñarrak, baina, bigarren lezoarrari eman dio etxeko lasterkari onenaren saria. Herriko bigarren sailkatua Ibai Sanchez Alvarez izan da (01:14:42).
Ohi bezala, antolakuntzak Lezoko kirola omendu eta goratu du lasterketa bukaeran. Aurten esku pilotako Josetxo Etxandi Oroitaldiak jaso du errekonozimendua, aurtengo udan 50 urte beteko baititu. Josetxo Etxandi Oroitaldia Lezoko ikur bilakatu da, eta bertatik izen eta txapeldun handiak pasa dira urtez urte: Unai Laso, Joseba Ezkurdia, Jose Javier Zabaleta edo Beñat Rezusta. Oroitaldiko antolatzaileekin batera Josetxo Etxandi zenaren senideak izan dira Gurutze Santuaren plazan.
Boluntarioen lana, askotan ezkutukoa izaten dena, ezinbestekoa da Lezo-Jaizkibel bezalako lasterketa bat antolatzeko. Gaur, 200 boluntario aritu dira Lezoko herri lasterketan lanean, eta Lezoko Energia Berriztagarrien Komunitateak, Kunkanak, boluntarioen saria banatu du lanean izan diren pertsona horien lana aitortzeko.
Azkenik, aurtengo euro solidarioa Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako elkartearentzat izan da. Orotara, 708 euro bildu ditu lasterketak elkarte horri igortzeko.
Hona hemen lasterketako sailkapenak:
Gizonak:
- Ander Iñarra Olaziregi (Lezo): 01:05:53.
- Mattin Odriozola Ibarguren (Oiartzun): 01:07:30.
- Ibon Odriozola Ibarguren (Oiartzun): 01:07:52.
Emakumeak:
- Iratxe Etxegoien Errandonea (Lezo): 01:26:30.
- Leire Urritegi Getaria (Oiartzun): 01:27:13.
- Amets Maiztegi Landa (Hondarribia): 01:31:57.
Lezoar onenak:
- Ander Iñarra Olaziregi: 01:05:53.
- Iratxe Etxegoien Errandonea: 01:26:30.
Su ebakiko azkarrenak:
- Ander Iñarra Olaziregi: 09:54.
- Leire Urritegi Getaria: 13:53.
Sailkapen osoak Kronoak webgunean kontsulta daitezke.
