Enplegua eta tokiko industria defendatzeko "erantzukizun politikoa" eskatu du EAJk
Papresaren Enplegu Erregulazio Espedientearen aurrean egin du eskaera hori alderdi jeltzaleak, kezka adierazita.
Elixabete Murua jeltzaleen bozeramailea Papresa aurrean..EAJ Papresak publikoki iragarri deun EEE Enplegu Erregulazio Espedientearen aurrean kezka “sakona” adierazi du alderdi jeltzaleak, eta enplegua eta tokiko industria defendatzeko erantzukizun politikoa eskatu. Espedienteak, enpresako 110 langileri eragingo liekeela ere zabaldu zuen Papresak.
Langileen eta haien familien egoera dela kezka nagusia EAJrentzat adierazi du Elixabete Murua bozeramaile jeltzaleak, “ziurgabetasun eta kezka handiko egoeran daude lan etorkizunari dagokionez. Elkartasuna, hurbiltasuna eta babes osoa helarazi nahi diegu, eta halaber, haien eskubideak, ongizatea eta enplegua mantentzeko konpromiso irmoa berresten dugu”.
Elkarrizketa eta lankidetza bide guztiak aktibatzea eskatu du gainera, enpresaren, ordezkaritza sindikalaren eta inplikatutako erakunde guztien artean, “besteak beste Eusko Jaurlaritza eta Errenteriako Udala”. Horren helburua jarduera industriala mantentzea litzateke, eta bestetik espedientea indarrean jartzeak lan esparruan izan dezakeen eragina ahalik eta gehien gutxitzea, “ezin du Errenteriak industria enplegua galdu, ezta ekoizpen ehuna ahuldu ere”.
Papresa herriko familia asko-askorentzat industria enplegu egonkorraren sinonimo izan dela jarri du nabarmen Muruak, “jarduera ekonomikoa ekarri du, baita eskualdean errotzea ere”. Puntu horretara helduta, EH Bildu jarri du jomugan bozeramaile jeltzaleak, koalizio subiranistak “jarrera kritikoa” mantendu duela Papresaren jarduerarekin esanda, “enpresaren ekoizpen eredua zalantzan jarri du, zaratan, usainean edo trafikoan. are gehiago, mesfidati agertu da modernizazio eta garapenera bideratutako iniziatiben aurrean. Joan den uztaileko osoko bilkuran posizionamendu horrekin lerrotutako mozio baten alde egin zuen EH Bilduk”.
Errenteria Osasuna plataformak aurkeztu zuen mozio hori. Plataformak helburu du Papresa enpresarekin bizikidetza duina bermatzea, eta horretan ari dira Etxeberriak Olibet, Gabierrotako Laguntasuna eta Erdialdeko Oiarso auzo elkarteak, eta Eguzki talde ekologista.
Harago jo du jeltzaleak, “ziurgabetasunak langileen familiak eta udalerri osoa kolpatu dituen unean, tokiko industriaren inguruan mesfidantza giroa behin eta berriz elikatu dutenek enpleguaren defendatzaile gisa aldarrikatzen dute haien burua. Ez da serioa. Ezin da enpresa estrategiko baten etorkizunaren inguruan etengabe zalantza erein, eta ondoren jarrera horrek ekarritako eraginagatik damutu”. Salaketa larria EAJren bozeramaleak egin duena, eta ondotik gehitu du garapen industriala, iraunkortasuna eta kalitatezko enplegua bateragarri egiteko beharra defendatu duela beti bere alderdiak, “Errenteriak industria sendoa, modernoa eta lehiakorra behar du, eta horrek erantzukizun politikoa, egonkortasuna eta enpresei eraldaketa prozesuetan laguntzeko apustu garbia eskatzen du, ez berriz oztopoak jartzea”.
EH Bilduk eta EAJk ezberdin baloratu dutela Gipuzkoan aurreikusita zegon paperaren tratamendurako eta balorizaziorako instalazio nagusietako bat gelditzea esan du bestalde jeltzaleak, “EH Bilduk ospakizuna egin du; guk ez dugu partekatzen, instalazio horrek urtean Papresari 6 milioi euroko kostu gehigarria bere gain ez hartzea ahalbidetuko bailioke, eta bere hondakinak Zaragozara eraman behar izatea ekidin”.
“Etorkizun industrialaren” alde lan egitera deitu du Muruak azkenik, “seriotasunez eta zorroztasunez”.
