Etxebizitza turistikoen lizentzia berririk ez
HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokor berriak debekatu egingo du etxebizitzak ostatu turistiko bihurtzea, etxebizitzaren funtzio soziala babestuz eta bizitegi eraikinen turistifikazioa mugatuz.
Iztieta auzoko hainbat etxebizitza. HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokor berriak debekatu egingo du etxebizitzak ostatu turistiko bihurtzea, etxebizitzaren funtzio soziala babestuz eta bizitegi eraikinen turistifikazioa mugatuz. Urrats garrantzitsua izango da zalantzarik gabe, eta biharko plenoak hasierako onespena emango dio. Hasierako onespen horrek, sendotu egingo du 2025eko otsailean Udalak onartutako turismo ostatuen lizentzia berrien etetea.
Izan ere, Errenterian turismo-ostatuen errealitatea oso txikia bada ere—hogeita hamar ingurukoa da—, Donostiako Udalak egindako erregulazioaren ondorioz 2024an aurreko urteekin alderatuta egondako gorakada ikusita, gobernu taldeak neurriak hartzea erabaki zuen eta osoko bilkuraren erabakiaren mende jarri zuen iazko otsailaren 25ean. Luzamenduak urte bateko iraupena zuen une hartan, baina iazko abenduan zabaldu egin zen egin zen, Eusko Jaurlaritzak Etxebizitza, Lurzoru eta Hirigintza Arloko Presazko Neurrien Legea onartu zuenean, Errenteria tentsionatutako udalerri izendatuta baitzegoen. 6/2025 Legeak ezartzen du tentsionatutako eremuetan ezin dela erabilera turistikoko etxebizitza edo gela berririk ezarri deklarazioak irauten duen bitartean.
Errenteriako Udalak Plan Orokorrari hasierako onarpena ematea, hurrengo osoko bilkurarako aurreikusia dagoena, araudi horrekin lerrokatzeaz gain, hirigintza mailan sendotzeko urrats garrantzitsua izango da, errenteria tentsionatutako udalerri izendatu izana alde batera utzita.
Etxebizitzaren bizitegi-erabilera, babestuta
Joan den otsailean Udalak lizentzia berriak bertan behera utzi izanak ia urtebete aurreratu zuen duela gutxi onartutako Etxebizitzaren arloko Premiazko Neurriei buruzko Legea. Denbora horretan, etxebizitza turistikoen eskaera berrien hazkundea geldiarazten lagundu zuen, eta, horrela, etxebizitzen bizitegi-erabilera babestu zuen. Aldi berean, jabeen erkidegoen segurtasun juridikoa indartu zuen, orain onartu behar den Hiri Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berriaren berrikuspenean jasotako hirigintza araudia lantzen zen bitartean.
Ildo horretan, onartu zenetik, turismo lizentziak etetea prebentzio neurri garrantzitsua izan da etxebizitzen bizitegi-erabilera babesteko estrategia zabalago baten barruan, eta, orain, Plan Orokor berriaren berrikuspena onartzeak hori blindatuko du.
