Hilketa matxista salatzeko adierazpen instituzionala egin du udalak
Gizon batek 28 urteko bikotekidea hil zuen, eta beste bat, berorren ama, larri zauritu.
Adfierazpen instituzionala egin du udalak. Adierazpen instituzionala egin du Errenteriako Udalak Sarrigurengo (Nafarroa) joan den ostiraleko hilketa matxista salatzeko. Aho batez adostu dute adierazpen hori udalean ordezkaritza politikoa duten alderdi politiko guztiek. Gizon batek 28 urteko bikotekidea hil zuen, eta beste bat, berorren ama, larri zauritu.
Erabat gaitzetsi du udalak hilketa matxista eta zero tolerantzia adierazi du eraso matxista guztiekiko. Argi esan du eta ozen, ez duela jendartean onartzen halako gertaerarik eta erakunde gisa lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du, “emakumeok indarkeria matxistarik gabe bizi gaitezen”. Herritarrak eta bereziki gizonak gonbidatu ditu euren jarrera eta jokabideei arretaz erreparatzera, eta edonolako erasoen aurrean jarrera aktiboz jokatzera.
Hildako emakumearen familiari elkartasunik beroena adierazi dio udalak, bestalde, eta bat egin du halaber, Oreretako mugimendu Feministak hilketa matxista gaitzesteko gaur, astelehena, 19:00etan Clara Rangel plazan deitu duen mobilizazioarekin, “herritarrei bertan parte hartzeko gonbita luzatzen diegu”.
