Lan ibilbide oso bati herri aitortza
Erretiroa hartuko du Arkaitza tabernako Jone Arruti Peñak. Ez zuen espero, baina festa ederra antolatu diote hamaika norbanako eta eragileek lan bizi ibilbide konprometituari herri aitortza egiteko.
Arruti jendartean pozik joan den ostiralean eskaini zioten festan.Irati Legorburu Erretiroa hartuko du Arkaitza tabernako Jone Arruti Peñak. Horren berri izan da, Arruti ezustekoan harrapatu zuen festa ederra antolatu zioten Errenteria-Oreretako hamaika eragile eta norbanakok pasa den ostiral arratsaldean. Lan ibilbide oso bateko konpromisoari herri aitortza izan da. Izan ere, gogor aritu da Arruti lanean urte luze hauetan guztietan Zumardiko establezimendua euskararen arnasgune izan zedin; baita lortu ere. Euskararen bihotza eta arima izan da Arkaitza, euskaraz aritzeko, euskara entzuteko eremu libre eta oparoa, euskaraz aritzeko eta bizitzeko uharte.
Euskara erdi-erdian jarri du, baita ertzak ere, eta konplizitate espazioa bilakatu du Arkaitza taberna mugimendu feministarentzat, Xenpelar Bertso eskolarentzat, edota LGTBI+ mugimenduarentzat. Kezkak, eta ezinegonak partekatu, eta hausnarketak egin dituzte makina lagunek bertan. Parranda latzak ere, noski.
Joan den abenduan Oarsoarrak Sari entzutetsua jaso zuen Arkaitza tabernak; ezustean harrapatu zituen aitortza horrek Jone eta Amaia Arruti Peña ahizpak, eta harro jaso zuten saria.
Hilabete honetan 49 urte bete ditu Arrutik barraren beste aldean—16 urterekin heldu zen Oriotik Errenteria-Oreretara gurasoekin— eta heldu zaio erretiroa hartzeko garaia. Bidean ereindakoaren zati bat behintzat itzuli diote bide luzean konplize bihurtu dituen eragile eta norbanakoek: ibilbide oso bati, herri aitortza.
