Lezoko Herri Olinpiadak, bueltan?
1990eko hamarkadaren hasieran Zabarre Gazte Taldeak lehenengoz antolatu zituen Lezoko Herri Olinpiadak. Orain, antza, itzultzeko bidean dira.
Lezoko I. Herri Olinpiadetako partaideen talde argazkia.Lezo 11 aldizkaria “Olinpiadak gertu daude” eta “laster informazio gehiago”. Bi esaldi horiek baino ez daude oraingoz. Baina bi esaldi horiek ageri diren irudiak ikusita, esan daiteke Lezoko Herri Olinpiadak berpizteko bidean direla. Hala iradokitzen dute sare sozialetan zabaldu den beheko bideoko irudiek.
Azken urteetan, Piztu Lezoren ekimenez egin dira bai kuadrillen arteko olinpiadak egun zehatz batzuetan. Baina antza, garai batean egiten zirenen antzekoak egin nahi dituzte, hainbat astetan zehar garatzen direnak. Ikusi beharko nola hezurmamitzen den dena. Instagram kontua behintzat badu egitasmoak, antza, gaur egun ezinbestekoa baita sare sozialetan presentzia izatea existitzeko.
Edonola ere, HITZAk artxibo lana egin du, eta Lezoko I. Herri Olinpiaden gaineko erreportajea ageri den Lezo aldizkariaren 11. zenbakira iritsi da (1993 edo 1994 urteen artekoa), Zabarre Gazte Taldeak sinatua. Egin klik hemen haren PDFa ikusi ahal izateko. Behean, berriz, labean diren Lezoko Herri Olinpiada berrien aurrerapen bideoa.
