Sarrigurengo erailketa matxista gaitzetsi du Mugimendu Feministak
Elkartasun eta babes osoa adierazi diete senide eta hurbilekoei, eta erakundeei baliabideak exijitu dizkiete. Mobilizaziora deitu dute.
Pasaiako Mugimendu Feministak Sarrigurengo erailketa matxista irmoki gaitzetsi eta mobilizaziora deitu du. Mugimendu feministak adierazi du honakoa ez dela gertaera isolatu bat izan, feminizidio bat izan baita: “Emakumeok emakume izate hutsagatik pairatzen dugun indarkeria estrukturalaren ondorio zuzena da. Indarkeria matxista kontrol eta nagusitasun tresna bat da, eta bizitzak kentzen jarraitzen du”.
Pasaiako Mugimendu Feministak elkartasun eta babes osoa adierazi die eraildako emakumearen senideei eta hurbilekoei, “bereziki erasoa etxe barruan ikusi behar izan zuen semeari”. Horren aurrean, gizonei “interpelazio zuzena” egin die mugimenduak: “Indarkeria estruktural honen aurrean ardura har dezaten eta isiltasun zein konplizitate itunak apur ditzaten. Indarkeria matxista ez da arazo pribatu edo indibiduala; arazo soziala da, eta erantzun kolektiboa behar du”.
Horrez gain, erakundeei “benetako baliabideak eta nahikoa baliabide” jartzea exijitu diete, prebentziorako, babeserako eta emakumeen zein haien seme-alaben arreta integral eta eraginkorrerako. “Ez dira nahikoak adierazpen instituzional hutsak; neurri zehatz eta iraunkorrak behar dira”, esan dute.
Bide horretan, deitzen diren mobilizazioetara batuko da Pasaiako Mugimendu Feminista, eta herritarrak kaleak hartzera deitu dituzte, erailketa matxista salatzeko.
