Sarrigurengo hilketa matxista salatu du udalak
Pasaiako Udalak aho batez adierazi du emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarrera izango duela, eta mugimendu feministak egindako adierazpenarekin bat egin duela.
Pasaiako Udalak Sarrigurengo hilketa matxista salatu du. Senide eta gertukoei elkartasuna adierazteaz gain, erailketa gaitzesteko mugimendu feministak egindako adierazpenarekin bat egin du udalak.
Udalak adierazi du indarkeria matxista gizartean oraindik ere bizirik dagoen “desberdintasun estrukturalaren adierazpenik larrienetakoa” dela. “Ez dira kasu isolatuak, baizik eta sistematikoki ematen den indarkeria bat, eta horri aurre egiteko ezinbestekoa da erakunde, gizarte eragile eta herritarren konpromiso aktiboa”, nabarmendu du udal erakundeak.
Pasaiako Udalak aho batez adierazi du emakumeenganako indarkeriaren aurkako jarrera izango duela: “Horrelako gertaerak ez ditugu gure gizartean onartzen, eta erakunde, elkarte eta herritarrok lanean jarraituko dugu, emakumeok indarkeria matxistarik gabe bizi gaitezen”.
Bide horretan, mugimendu feministak egindako adierazpena babestu eta harekin bat egin du udalak.
