Tokiko merkataritza ezagutzeko aukera
Laurak Bat elkarteak Laurak Bat izeneko azoka egingo du larunbatean (hilaren 28an) Trintxerpeko Gernika plazan, 11:00etatik 20:00etara.
Laurak Bat Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen Elkarteak, Pasaiako Udalarekin elkarlanean, Laurak Bat azoka egingo du larunbatean (hilaren 28an) Trintxerpeko Gernika plazan. Azoka 11:00etatik 20:00etara bitartean izango da, Gernika plazan jarriko duten karpan.
Azoka Herrian erosteak herrigintza bultzatzen du lelopean egingo da, eta honakoa esan du Mari Carmen Mogilnicki Laurak Bateko presidenteak: “Azoka hau hurbileko festa izatea nahi dugu. Pasaiak aparteko giza kalitatea eta kalitate profesionala duten merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak ditu, eta hemen kontsumitzeak etorkizun bizia bermatzen du gure kaleetarako”.
Pasaiako Udalak larunbateko azoka babestuko du, eta honakoa adierazi du Mikel Garcia Peñil Merkataritza zinegotziak: “Udalaren ustez, tokiko merkataritza eta ostalaritza ardatz estrategikoa dira gure udalerriaren gizarte kohesiorako eta dinamismo ekonomikorako. Pasaian egiten den erosketa bakoitza inbertsio zuzena da enpleguan, gure kaleetako bizitzan eta komunitatean”.
Eta jarraitu du: “Laurak Bat azokak, besteak beste, gure merkataritza eta ostalaritza eskaintzaren kalitatea eta aniztasuna ikusarazteaz gain, bizilagunak eta profesionalak elkartzeko gune bat sortzen du, hurbileko merkataritzaren ezaugarri den konfiantza lotura indartuz. Tokiko merkataritzaren aldeko apustua egitea eredu jasangarriago baten alde egitea ere bada, joan-etorriak murrizten dituena, ekonomia zirkularra bultzatzen duena eta gure auzoetako berezko nortasunari eusten diona”.
Larunbateko azokan “tokiko merkataritza, elkartearen informazioa, eskaintza bereziak eta hurbileko merkataritzak bakarrik eskain dezakeen tratu pertsonalizatua” aurkitu ahal izango dela adierazi dute sustatzaileek. Horrez gain, taberna barra bat jarriko dute, “Pasaian kontsumitzen den bitartean une atsegin batez gozatzeko”.
Laurak Batek eta udalak pasaitar guztiak animatu dituzte azokan parte hartzera, eta honakoa mezua nabarmendu dute: “Udalerrian kontsumitzea kalitatearen, jasangarritasunaren eta ongizate partekatuaren aldeko apustua egitea da”.
Establezimendu parte hartzaileak
- Lirain Ileapaindegia.
- Muro Nautika.
- Mapfre Aseguruak.
- Loreak Loredenda.
- Suai Dekorazioa.
- Norai kafetegia eta Okindegia.
- Mimos Taberna.
