Kultura barra-barra 24 Korrikari hauspoa emateko
Ostiralean hasiko da Korrika Kulturala udalerrian, martxoaren 25 goizean helduko den 24 Korrikarako girotze lana hasteko.
Korrika Kulturala aurkeztu du Korrika BatzordeakKorrika Batzordea Kilometro andana sorbaldan helduko da 24 Korrika Oreretara martxoaren 25ean goizean, 08:35ean zehazki. Egun handirako guztia prest izateko lanean ari da Korrika batzordea, eta motorrak berotzeko Korrika kulturala ere ate joka da. Ostiralean hasiko da eta martxoaren 26ra arte egitarau zabala ondu dute, denek gozatzeko modukoa.
Errigorari omenaldia egingo diote datorren ostiralean, hilak 27; omenaldia eta produktuen dastaketa izango da 18:45ean hasita Zumardian, eta Kittu taldeak girotuko du. Tonbola ere izango dela jakinarazi du Korrika Batzordeak. Ospe handia du Korrika Txikiak, euskararen bueltan jartzen baititu lasterka herriko ikastetxeetako HH eta LHko ikasle guztiak herriko kaleei kolore berezia emanez. Berdin gertatzen da Korrika Gaztearekin. Erreferenteak dira bi horiek. Berriagoa da, baina zahartzaroan ere euskararen alde korrika egin daitekeela erakutsiko dute aurten herriko helduek. Gazte izanen Korrika 11:30ean abiatuko da Herriko Plazatik, datorren astelehenean —martxoak 2—Duintasuna pentsiodunen elkarteak eta AEKk antolatuta.
Film laburren maratoiak hartuko du Korrika Kulturalaren egitarauaren lekukoa martxoaren 12an. Izan ere, Taupak eta udalak antolatuta 09:30etik 18:00etara Laburbiraren hogeita hirugarren ekitaldia hartuko du Reina aretoak.
‘Euskara Gara’ eguna
Korrika heldu aurreko ekitaldi nagusia martxoaren 14an izango da Errenteria-Oreretan. Ordurako, herri bazkaria antolatu dute eta egun osoko egitaraua ere. Bazkarirako txartelak salgai daude jada, Arkaitza, Xenpelar AEKn, eta Bixigarrin.
Behin Korrika herritik pasata helduko da oraingoan Korrika Txikia; hilaren 26an izango da, ostegunarekin goiz eta arratsaldez. Egun horretarako antolatu dute Hitz haztegia Badalabek eta udalak, Alaia Martin eta Olatz Salvadorren emanaldia, 18:00etan Badalaben egoitzan. Egun horretan bertan, 19:00etan, Zuhaitz Gurrutxagak Nortasun agiria bakarrizketa eskainiko du Niessen kulturgunean udalak antolatuta.
