Martxan da Fini Rubio eguneko arreta zentroa
Pasaiako Udalak Fini Rubiok utzitako herentziari esker ireki du gunea. Antxoko Eskalantegi kaleko 53. zenbakian dago kokatuta, eta helburua da bakardadeari eta hauskortasunari komunitatetik erantzutea.
Pasaiako Udalak ofizialki inauguratu du gaur Antxoko Eskalantegi kaleko 53. zenbakian kokatutako Finiren Txokoa. Gizarte Ekintzako eguneko arreta zentro berria da Finiren Txokoa, eta egoera ahulean, hauskorrean edota mendekotasun moderatuan dauden 60 urtetik gorako pasaitarrei emango die aterpe. Gunea hilaren 10etik dago martxan, eta dagoeneko 20 erabiltzaile ari dira zerbitzu berria baliatzen.
Gaurko inaugurazio ekitaldian Teo Alberro Pasaiako alkatea, Eider Mendoza diputatu nagusia, Aintzane Taberna Pasaiako lehen alkateordea eta Gizarte Ekintzako zinegotzia eta Begoña Garmendia Fini Rubioren herentziaren albazea izan dira, guneko dinamizatzailearekin, zentroko erabiltzaileekin, ordezkari politikoekin eta herriko eragile eta elkarteekin batera.
Inaugurazio ekitaldia oso hunkigarria izan da. Lehenik eta behin, Pasaiako Adinkide elkarteko La Motora antzerki taldeak ikuskizun bat antzeztu du. Antzezlan horren bidez inauguratu dute Finiren Txokoa, “zaintzaren, komunitatearen eta bizitza partekatuaren sinboloak erdigunean jarriz”.
Teo Alberro alkateak nabarmendu du Finiren Txokoa “bizitza oso bateko konbentzimendu eta konpromisoaren ondorio zuzena” dela. Alkateak adierazi du Fini Rubiok argi izan zuela zein borrokatan eman nahi zuen bere bizitza, eta baita zer egin nahi zuen bere ondarearekin: “Fini Rubio ez zen izan isilik bizi izan zen emakumea, ezta isilik joan nahi izan zutena. Zorrotza, kritikoa, pentsalari aseezina eta konforme geratzen ez zen horietako zen; zapalkuntzak izen-abizenekin identifikatzen zituena eta haiei aurre egiten ziena. Gaur inauguratutako espazioa ez da soilik udalaren apustu sendo baten emaitza, ikuspegi politiko eta sozial baten jarraipena”.
Bestalde, honakoa esan du Eider Mendozak: “Gure gaurko eta biharko gizartearen beharrei erantzuten ari gara; gaurtik aurrera etorkizuneko zaintza eta babes sozialerako espazioak eta zerbitzuak bermatuz. Guztion artean, herritar, elkarte eta erakunde, adineko pertsonek bizitza betea izan dezaten ekarpena egiten ari gara, elkarlanean eta berrikuntzatik”.
Aintzane Tabernak zehaztu du gizarteak “zahartze prozesu azkarra” bizi duela. Bizitzak luzatzea “albiste ona” dela adierazi du udal hautetsiak, baina errealitate horrek “erronka handiak” dakartzala ziur da: “Adineko pertsonek euren bizitzetako azken etapan ere duintasunez, autonomiaz eta komunitatearekin lotuta bizitzen jarraitu ahal izatea”.
Tabernak jakinarazi du udalak ez diola adintzeari “mendekotasunaren edo gaixotasunaren arabera so egin”; bakardadea, isolamendua eta autonomia galtzeko arriskua kontuan hartu baititu: “Eguneko arreta zentro hau prebentzioaren aldeko apustua da; mendekotasuna iritsi aurretik, garaiz eta gertutik esku hartzeko tresna bat. Helburua da 60 urtetik gorako bizilagunei ahalik eta denbora gehien euren etxeetan eta komunitatean errotuta bizitzen laguntzea. Pertsonak beren ingurunetik urrundu beharrean, ingurunea pertsonaren inguruan antolatzean datza gure eredua”.
Azkenik, Begoña Garmendiak Fini Rubioren figuran jarri du arreta: “Finiren gaixotasunaren bukaeran, bere kezka nagusia izan zen adineko pertsonen bakardade egoera, batez ere baliabide ekonomikorik ez duten pertsonena, gizartean inork oraindik bakardadeaz hitz egiten ez zuenean. Horregatik, dena antolatu zuen, hil ondoren haren ondasunak helburu horretara bidera zitezen. Eta hemen gaude. Finiren pertsona gogoratu nahi dugu: azkarra, zorrotza, argia, eskuzabala, alaia, laguna, dantzari berezia… Eskerrik asko denei, gaurko egunean, Fini eta Anttonen errautsak jaso zituzten Larraulgo belardian loratzen ari dira”.
Ekitaldia bukatu ondoren, bertaratutakoek Finiren Txokoaren bisita gidatua egin dute, dinamizatzailearen eta erabiltzaileen eskutik.
Zerbitzua
Finiren Txokoa astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, goizez eta arratsaldez. 10:00etatik 13:00etara eta 15:30etik 18:30era bitartean artatuko dituzte pasaitarrak. Erabiltzaileak astean bitan joan ahal izango dira Finiren Txokora, bakoitzaren nahi eta beharren arabera, arreta pertsonalizatu eta malgua bermatzeko xedearekin. Goizeko zein arratsaldeko taldeetan 18 plaza izango dira gehienez.
Erabiltzaileek hainbat jarduera egin ahal izango dituzte, dinamizatzaile baten gidaritzapean. Honakoak: osasun kognitiboa sustatzeko jarduerak; osasun fisikoa eta psikikoa lantzekoak; aisia, kultura eta eskulanak; eta gizarte harremanak eta komunitatean integratzea sustatzen dutenak.
Finiren Txokoa Josefina Rubio Tiok Pasaiako Udalari egindako dohaintzari esker jarri da martxan. Pasaiari 939.439,12 euroko herentzia egokitu zitzaion, eta udalak 300 metro koadroko Antxoko lokala erosi zuen 2022an, 211.043,77 eurogatik. Obra proiektuaren idazketa, zuzendaritza, lanen gauzatzea eta ekipamenduaren horniduragatik 469.066,41 euroko inbertsioa egin du udalak. Azken zenbateko horretatik 362.879 euro Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Sailaren diru laguntza bati esker finantzatu ditu udalak.
Egokitzapen lanez gain, udalak zerbitzua bi urterako lizitatu du, beste bi urtez lizitatzeko aukerarekin. Zerbitzu horrek 76.923,08 euroko kostua izango du.
Estekan, Pasaiako Udalak HITZA-ri bidalitako hainbat argazki.
